Azaroaren 1ean Sutegin eginiko bertso derbiarekin murgildu zen ofizialki Usurbil F.T. udazkenean beteko dituen 50 urteak ospatzeko zikloan. Ordutik, ekimen gehiago antolatu badituzte ere, ziklo nagusia asteotan bideratu asmo du futbol taldeen bilguneak.
Dagoeneko lehen xehetasunak eskaintzen hasia da. Hasteko, betetako mende erdiko ibilbidea jasotzen duen erakusketa antolatu du Usurbil F.T.-k datozen asteotarako. Ekainaren 12tik 28ra izango duzue ikusgai Sutegin. Hilaren 12an 19:00etan izango da irekiera. Ez da izango asteotarako antolaturiko hitzordu bakarra; futbolari beteranoen arteko neurketak antolatu dituzte ekainaren 20an, edota egun osoko jaialdia hilaren 27an.
Bazkarirako izen-ematea
Ekainaren 27ko jaialdiari dagokionean hain zuzen, besteak beste, egungo nahiz hamarkada hauetako guztietako kideak elkartu nahi ditu Usurbil Futbol Taldeak bazkari baten bueltan. Otordu hori, hilaren 27an izango da aipatu moduan, 14:30etan Agerialdeko frontoian. Gogoan izango duzue, maiatzaren 3ra arte aurre izen-emateko aukera izan zutela hala nahi zutenek bazkari horretarako. Eman beharreko ezinbesteko urratsa zen, gerora zabaldu asmo zuten izen-emate ofizialean lehentasuna izateko. Izena emateko epealdi ofizial hori zabalik dagoela jakinarazi du orain Usurbil F.T.-k, ekainaren 18ra arte.
Futbol taldeen bilguneak tramitazio hori bideratzeko galdetegi bat eseki du haien sare sozialetan, esteka honetan duzuen hauxe hain zuzen: Usurbil F.T.-ren 50. urtemugako bazkaria
"Aurre izen-ematea betetakoek lehentasuna dute galdetegi ofizial hau betetzeko", ohartarazi dute Usurbil F.T.-tik. Aurre izen-emate hartan zehaztutako txartel kopurua aldatzeko aukera izango dela jakinarazi dute. Aurrez izena emandakoekin aurreikusitako lekua erabat beteko ez balitz, "galdetegi hau zabalduko dugu aurrerago eserlekuak bete arte", argitu dute antolatzaileek.
Hilaren 27ko bazkariaz gain, egun berean ekintza gehiago izango direla aurreratu dute Usurbil F.T.-tik. "Ekainaren 27an Usurbil F.T.-ren 50. urteurrena dela eta egun handia antolatu dugu goizetik hasi eta gaueraino".
Galdetegia betetzeko zailtasunak izan nahiz argibide gehiago jasotzeko usurbil.uft@gmail.com helbidera idatzi ahalko da.
