Kirol, aisialdi eta hezkuntza arloko eragileak Usurbilgo Udalarekin batera, herriko kirol sistema indartzeko hilabeteotan eginiko barne lanketa plazaratzeko agerraldia egin dute astearte honetan, ekainaren 2an, Usurbilgo udaletxeko ganbara berrituan.
Bi lan-ildo jorratu dituzte, 2021-22 urte artean herriko kirol eragileekin, kiroldegiko erabiltzaileekin eta herritarrekin eginiko parte hartze prozesutik sortutako 2022-26 urte arterako Usurbilgo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Estrategikotik eratorritakoak biak ala biak; Xabat Beloki kirol arloko udal ordezkariak zehaztu duen moduan, "Eskola Kirolaren eredua eta kirol kluben indartzea".
Eredu propioan sakontzeko beharra
Bi lan ildo desberdin izan arren, txirikordatuak daudela eman du aditzera, "horregatik ari gara biak batera lantzen". Eskola Kirolaren ereduari dagokionean, eredu propioaren aldeko apustuan sakontzeko beharra azpimarratu du. Izan ere, "Eskola Kirola albiste izan da azken hilabeteotan, epai batek bertan behera utzi zuelako Gipuzkoan, urte luzez errotua izan den araudia".
Epai horrek herri honen kirol sisteman bete-betean eragin du, "izen emateek behera egin baitute eta bai Udalak eta bai Zirimaran parte hartzen duten beste eragileek ere argi ikusten dugu eredu propioaren aldeko pausoarekin jarraitzeko beharra, Usurbilen badaukagulako lehendik eredu propio bat"; Zirimara proiektua. "Gure ustez, haurrek kirol desberdinak probatzea funtsezkoa da eta hori da sustatzen dugun kirol eredua. Izan ere, kirol aniztasunak gaitasun gehiago garatzen laguntzen du eta haurren garapen integrala bermatzea ere laguntzen du. Aldiz, espezializazio goiztiarrak esperientzia aberasgarriak bizitzeko aukerak murriztu ditzake".
Herri ituna
Ildo horretan, urrats berri bat eman nahi dute; "gure asmoa, zentzu horretan, Usurbilgo Eskola Kirolaren herri ituna osatzea da". Eskola Kiroleko koordinatzaile Iban Maritxalarrek zehaztu duenez, "herri itun hori kirol hastapenaren herri ituna izango da. Egungo Euskadiko kirol araubideak oinarrizko marko bat ezartzen du, eta horren barruan kokatuko da gure ituna ere". Halere, itun horrekin batera, "uste dugu Usurbilgo herriarentzat ezinbestekoa dela adin horietan diharduten eragileen arteko oinarrizko adostasun bat lortzea eta herritarrei ezagutaraztea".
Itun hori definitzen joan asmo dute. "Itun horretan irizpide batzuk finkatu nahi ditugu, helburu eta konpromiso batzuk", Maritxalarrek azaldu duenez eta horrekin batera, atxikimenduak bildu nahi dituzte. "Herrian hainbat klub edo kirol talde daude eta ahalik eta gehien itun horrekin bat egitea nahi dugu". Hartara, ziotenez, "eragileontzat oinarri sendo bat izango da, legitimitatea emango ligukeelako baliabideak norabide zehatz batean antolatzeko, batzuk lehenetsiz eta ezinbestean, beste batzuk ezesteko".
Lanketa horretan dihardute, "ahalik eta azkarren sinatzeko asmoa daukagu. Orduan emango ditugu itunaren edukien xehetasun guztiak", iragarri du Eskola Kiroleko koordinatzaileak.
Horri lotua dator jorratzen ari diren bigarren lan ildoa; kirol kluben indartzea. Izan ere, udal ordezkari Xabat Belokik adierazi duenez, itun horren helburuen artean izango da, "kluben eta eragileen arteko koordinazioa, komunikazioa eta elkarlana" sustatzea.
"Babiabideak batzeko aukerak aztertu behar dira"
Hortxe hain zuzen, jorratu nahi duten beste lan ildo hori; "Aktibatzen plan estrategikoan jaso zen herriko klubak indartzeko beharra, herriko klub eta talde guztiak bakarrean biltzen saiatzeko beharra. Herriko klubek babes integrala eta koordinatua behar dute eta uste dugu sinergiarako aukerak badaudela, hau da, badira klubek euren indarra batuta landu ditzaketen zenbat gai, funtzionamendua hobetzea ekarriko luketenak". Horrez gain, baita beste behar komun batzuk ere, Usurbil F.T.-ren zuzendaritzako kide Ainhoa Azkueren esanetan, "kluben administrazioarekin eta kudeaketarekin erlazionatutakoak".
Testuinguru horretan, adierazi duenez, "baliabideak batzeko aukerak aztertu behar dira, behar horiei elkartuta erantzuteko". Argi adierazi dutenez, "esan beharra dago, klub eta talde guztien baldintzak edo egoerak ez direla berdinak. Batzuk handiagoak dira, beste batzuk txikiagoak eta antolatzeko moduak ere desberdinak dira askotan".
Halere, bateratze prozesuan aurrerapausoak emateko asmoa agertu dute. "Klub bakarraren aldeko jarreraz harago, datozen hilabeteetan egokituko zaigun lana da, zenbateraino bateratu gaitezkeen klub bakarrean, antolaketa eredu desberdinak nola uztartu ditzakegun eta behin hori eginda, zenbat taldeek parte hartuko genukeen proiektu horretan ikustea".
Azkuek zioen moduan, "aspaldiko beharra da klub bakarrarena. Gure ustez herriko klub eta taldeak indartzeko modua izan daiteke eta ahalegina egitera goaz".
