Greba eguna bihar udal langileek, udal zerbitzuak etengo dira

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 3a

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileek greba eguna izango dute ostegun hau, ekainaren 4a. Lan-baldintzak hobetzea galdegingo dute. Udal zerbitzuak etenda izango dira bihar.

"EAEko udaletan urte asko daramatzagu lan-baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe, eta, ondorioz, udaletako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira etengabe", LAB eta ELA sindikatuetatik aditzera eman dutenez.

Testuinguru horretan mobilizatu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileak azken hilabeteotan. Bi orduko lanuztea egin zuten apirilaren 23an, maiatzaren 14an egun osoko greba. Azken asteotan, negoziazioetan aurrerabiderik ez denez egon, ostegun honetarako, ekainaren 4rako iragarria zuten greba deialdiari eutsi diote LAB eta ELA sindikatuek. Greba eguna izango dute honenbestez, ostegun honetakoa. Mobilizazio bateratua deitu dute Bilbon aipatu sindikatuek. 12:00etan abiatuko da Bizkaiko hiriburuko Eliptika plazatik, "Udaletako lan-baldintzak hemen erabaki. Udalhitzen eta udaletan edukiak orain!" aldarripean.

Greba deialdi hau, azken asteotan Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) proposamen berri bat mahaigaineratu ostean dator. "Testuak eduki batzuk jasotzen ditu, baina ez nahikoa, sektoreak dituen aldarrikapen batzuk falta baitira. ELA eta LAB sindikatuok argi daukagu jasotako proposamen idatzian dauden eduki horiek borrokaren ondorioz eta langileok egindako presioaren ondorioz lortu direla".

Sindikatuon esanetan, besteak beste, aldarrikapen eta zehaztasunok falta ditu proposamen horrek eta horiek dira hain zuzen, ostegun honetan grebara jo eta udal langileok kaleak hartzera bultzatuko dituztenak; honako hauek hain zuzen:
-Erosahalmena berreskuratzeko soldata igoerak eta etorkizuneko soldatak Madrilen ez erabakitzea.
-Pribatizazioak ekiditeko neurri zehatzak eta zerbitzu horien publifikazioa, bertako langileak subrogatuz.
-Gazteberritze planetarako neurri zehatzak, eta ez soilik asmoak.
-Jardunaldi murrizketa handiagoa.
-Euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea. Sarbidean bi hizkuntzak eskakizun izatea, salbuespenak hizkuntza-plangintzetan jasoz, eta langileak euskalduntzeko baliabide eta neurriak ezartzea.
-Hautaketa prozesuetan aurrerapausoak ematea: lanpostu estrukturalak aitortuz, behin-behinekotasuna jaisteko neurri errealak adostuz, lekualdatze lehiaketak eginez oposizioen aurretik edota hautaketa prozesu mankomunatuak eginez alde sozialarekin adostua.
-Arrisku psikosozialen eta ergonomikoen ebaluazio eta neurriak langileon ordezkariekin adostea.
-Indarraldia 6 urtekoa ez izatea. Adostuko diren neurriak lehenago ezartzea behar dugu udal langileok.

Udal zerbitzuak etenda
Udal langileen greba eguna tarteko, udal zerbitzuak eten egingo dira ostegun honetan, ekainaren 4an. Itxita aurkituko dituzue beraz, Sutegi, Potxoenea, edota udaletxea. Hondakinen gaikako bilketa zerbitzua ere eten egingo da. Udaletik gogorarazi dutenez, beharrezkoa dutenek eskura izango dituzte larrialdi guneak.