Mobilizazio ziklo berria iragarri dute Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 3a

Apirilaren 21ean formalki eta urgentziaz Donostialdea ESIko gerentearekin biltzea eskatu arren, oraindik ez dute erantzunik jaso. Horregatik, Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek mobilizazio ziklo berria iragarri dute asteotarako.

Erantzunik gabe segitzen dute, hain zuzen horregatik biltzea eskatzen segiko dute. Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek, apirilaren 18an beste hainbat plataforma eta eragileekin Gipuzkoako hiriburu erdiguneko kaleetan manifestatu eta hiru egunera, Donostia ospitalaren atarian mobilizatu ziren. Osasun zerbitzu publikoaren inguruotako egoera tarteko, apirilaren 21eko goiz hartan, Donostialdeko ESIko kudeatzailearekin urgentziaz biltzeko eskaria erregistratu zuten formalki.

Asteak igaro ziren eta erantzunik ez zuten jaso. Iragan maiatzaren 25ean, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Alderdi Eder ondoan kokaturiko ordezkaritzan elkarretaratzea egin zuten aipatu plataformek "promesarik ez! Konponbideak orain!" aldarripean. Astelehen hartan ere "ESIko kudeatzailearekin bilera bat egitea eskatu genuen" gogorarazi zuten, osasungintza publikoak bizi duen "egoera hori konpontzeko planteatzen duten alternatiba ezagutu ahal izateko". Baina ordura arte ez zuten erantzunik jaso.

Egoera berean jarraitzen dutela ikusita, mobilizazio aldi berria iragarri dute Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek. Maiatzaren 25ean iragarri zuten leku gehiagotan egingo zituztela elkarretaratzeak. Dagoeneko zehaztu dituzte noiz eta non egin asmo dituzten. Albiste honetan beherago dituzue deialdion xehetasunak.

"2024ko txanden %36,4an medikuen falta izan zen"
Hitzorduok iragartzeko kartelean zehaztu duten moduan, "ez dugu onartuko osasungintza publikoaren narriadura planifikatua". Zehaztu dutenez, "hilabete eta erdi igaro da ESI Donostialdeako Etengabeko Arreta Guneen egoera tamalgarriari irtenbidea emateko ESI Donostialdeako buruarekin urgentziazko bilkura eskaera tramitatu genuenetik", jakinarazi dute. Halere, "egoerak okerrera egin duen arren, erantzunik gabe jarraitzen dugu".

Bilera horretan, "Donostialdeko Etengabeko Arretako Guneek (EAG), medikuen etengabeko gabezien ondorioz, aspalditik jasaten duten egoera larria jorratu nahi da".

Izan ere, azkenekoz, maiatzaren 25eko elkarretaratzean nahiz aurreko deialdietan salatu zuten, "Donostialdeko ESIko EAGen egoera katastrofikoa, hau da, Donostialdeko Erakunde Integratuko Etengabeko Arreta Guneen egoera katastrofikoa; datu bat ematearren, 2024ko txanden %36,4an medikuen falta izan zen".

Beste behin, medikuen gabeziak dakarrenaz ohartarazi zuten. "Etengabeko Arreta Guneak medikurik gabe edukitzeak arriskuan jartzen du herritarren osasuna, eta ekitatea hausten du, zerbitzuetara iristeko zailtasunagatik eta gehiegi kargatzen ditu ospitaleko larrialdiak".

Bide honetan aurrera eginez gero, plataforma hauek galdetu zuten "normalduko al dugu osasun-arretako zerbitzuak medikurik gabe izatea? Grebetan eskatzen diren gutxienekoak ere betetzen ez dituzten osasun arretako zerbitzuekin konformatzen al da Osakidetza? Noiz arte adabakiak, peonadak, bete gabeko txandak eta abar, egiturazko arazoetarako benetan egiturazko konponbiderik proposatu gabe?".

Osakidetzaren buruei hitzetatik ekintzetarako jauzia egitea falta zaiela adierazi zuten aipatu herri plataformek. "Osakidetzako buruan konponduko da hitzak onak izan arren, errealitatea oso burugogorra da, eta justu kontrakoa erakusten digu: aseguru pribatuen kontratazioa gora egiten ari da, osasun-zerbitzu publikoen narriadura progresiboaren ondorioz; era horretan, osasun-zerbitzuetarako sarbidean ekitatea hausten ari da, desberdintasunean sakonduz".



Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen mobilizazioak
Ekainak 5, ostirala
19:00 Donostia erdiguneko Bengoetxea kaleko Etengabeko Arreta Gunearen ondoan.

Ekainak 12, ostirala
11:30 Errenteriako Iztietako anbulategiaren aurrean.

Ekainak 18, osteguna
17:30 Lasarte-Oriako anbulatorioaren aurrean.

Deitzaileak: Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.