Iazko maiatzean egin bezalaxe, LAB sindikatuak Usurbilgo Sutegi aretoa hautatu du berriz ere, sindikatuaren baitako Gipuzkoako helduekin biltzeko. Ostegun honetan, ekainaren 4an elkartu dira aipatu kultur-etxeko auditorioan. Saioaren bideratzaileek hitzorduaren hasieran iragarri duten moduan, nazioarteko testuinguru nahasia ahotan hartu asmo zuten, baita iragan martxoaren 17an, "Gutxieneko soldata hemen erabaki. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko" aldarripean, ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako greba orokorra ere.
Euskararen aurkako oldarraldi judiziala ere hizpideen artean txertatzekoa zuten Sutegiko bilkuran, etxebizitza eta zaintza gaiekin batera. Zaintza gaiak lantaldeetan elkartuta jorratu asmo zituzten.
Bigarrenez Sutegin
Aipatu moduan, iaz ere Sutegi hautatu zuen LAB sindikatuak bere Gipuzkoako helduak elkartzeko. 2025eko maiatzaren 27an izan zen. Orduko hartan ere askotariko gaiak hartu zituzten ahotan. Sindikatuaren irakurketa orokor konfederalarekin ekin zioten hitzorduari eta horren baitan; hilabete hasiera hartan, maiatzaren 1eko Langileen Eguneko balorazioa egin zuten. Horrekin batera, gaurkotasun handiko gaiak ere jorratu zituzten; hala nola, EAEko hezkuntza akordioa, jatorri eta kultur aniztasuna eta etxebizitzari lotutako gaiak.
Osasun mahaiaz eta Osasun Publikoa Aurrera bilguneaz ere jardun ziren eta, nola ez, baita Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hilabete haietan bideraturiko Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketaz.
Azkenik, LAB Helduak sailaren egituratzea eta datorren agendaz ere aritu ziren batzar berean.