Uxue Trail ekimenerako ibilbidea prest eta izen-emate kopurua handitzen

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 4a

Ekainaren 14ko 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioari buruzko xehetasun gehiagoren berri eman dute antolatzaileek. Lasterkariek osatu beharreko ibilbide zehatza plazaratu dute baita gehitzen doan parte hartzeari lotutako datuak ere.

Hilaren 14an egingo den 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioari buruzko zenbait xehetasun aurreratzen hasiak dira antolatzaileak. Batetik, segidan duzuen mapa plazaratu dute. Bertan zehazten da, aurtengo edizioan lasterkariek osatu beharko duten ibilbidea. "12km izango ditu (+630m)", antolatzaileek azaldu dutenez. Bestetik, mendi lasterketa solidarioak erakarritako parte hartze datuen berri ere jakinarazi dute. 

Gogoan izan, aurten berritua dator elkartasun ekimena. Ibilbide bakarra izango da aukeran, baina banaka edota binaka parte hartu ahalko da. Gutxienez 246 lagunek eman dute izena orain arte banaka lasterka aritzeko eta beste 35 bikoteek, "gehienak mistoak", antolatzaileek zehaztu dutenez.

Horrez gain, oinez ere parte hartu ahalko da ekainaren 14an. Kasu horretan, dagoeneko 223 lagunek izena emana dute. Azkenik, ekarpen ekonomikoak eginez ere bat egin daiteke Uxue Trail ekimenarekin, dortsal solidarioaren alde eginez. Aukera horrekin bat egin dute, gutxienez, hamar lagunek.

Izen-emateak zabalik segiko du ekainaren 11ko arratsaldeko 20:00ak arte kronoak.com atarian. "Oraindik ez duzu izena eman? Ez utzi azken momenturako, sartu kronoak.com-en eta apuntatu!!", egin dute gonbita. Hala eginda, gogorarazi dutenez, "proba hau solidarioa da, eta zure parte hartzearekin Phelan Mc-Dermid sindromearen ikerketa aurrera eramaten lagunduko duzu".



Ibilbide bakarra, banaka edo binaka
Iaz eginiko bosgarren edizioaren ondotik, berritua dator 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioa. Kiroltasuna eta elkartasuna uztartzen dituen ekimenaren antolatzaileek finkatu dute datorren ediziorako hitzordua; ekainaren 14an egingo da lasterketa, igande goizez.

Aurreko ediziora arte, diru ekarpenak egitea ahalbidetzen zuen dortsal solidarioaz gain, 20 kilometroko Uxue Trail Luzean, 11,5 kilometroko Uxue Trail Motzean edota 5,5 kilometroko Uxue Paseoan parte har zitekeen. Hartara, oinez nahiz korrika bat egin zitekeen, Uxue Martin herrikideak duen Phelan-McDermid Sindromea ezagutarazi eta gaixotasun arraro hau ikertzeko laguntza biltzeko ekimenarekin.

Aipatu moduan, aurtengo ediziorako berrikuntzak txertatu dituzte antolatzaileek. Ibilbide bakarra osatu ahalko da Andatzan barrena, 12 kilometrokoa, baina bi moduan parte hartu ahalko da; bakarka edo binaka. Horrez gain, aurreko edizioetan bezalaxe, Uxue Paseoarekin bat egiteko aukera ere izango da; hau da, oinez 5,5 kilometroko ibilbidea osatzekoa.

Lasterketan 18 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute, 15 urtetik gorakoek ere bai, gurasoen baimena aurkeztuz gero. Uxue Paseoan edozein adin tarteetakoak irten ahalko dira.

Sariei dagokienean ere aldaketak izango dira. Aurreko edizioetan, helmugaraturiko Uxue Trail Luzeko zein Motzeko lehenengo hiruna gizonezko eta emakumezko saritzen zituzten. Oraingo honetan, ibilbide bakarra izanda baina banaka zein binaka parte har daitekeela jakinda, bederatzi izango dira frontoiko oholtzan sarituko dituzten lasterkariak; batetik, banakako lasterketan hiruna emakumezko eta gizonezko. Azkenik, binaka parte harturikoen artean, helmugaraturiko lehenengo gizonez nahiz emakumeez osaturiko bikote bana eta lehenengo bikote mistoa ere sarituko dute.

Lasterketarako dortsalak frontoian banatu asmo dituzte bezperan, hilaren 13an, 18:00-20:00 artean, nahiz lasterketa egunean, 08:00-09:30 artean.

Berrikuntzak berrikuntza, ekimenaren izaera solidarioari eutsiko diote aurten ere. "Lasterketaren helburua ez da aldatu: Phelan-McDermid gaixotasunaren ikerketa bultzatzea. Parte hartuz, ikerketa aurrera daramazu. Animatu zaitezte!", egin dute deialdia.


Kantinploren kanpaina
Hurbilago elkarteak ere bat egingo du, ekainaren 14rako antolaturiko 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioarekin. Izan ere, aipatu herriko merkatarien eta ostalarien elkarteak bezeroak hitzordu horretan parte hartzera animatuko ditu. Horretarako, 250 oparirekin dator, albiste honi atxikitako irudiotan dituzuen 250 kantinplorekin. Elkartasun lasterketaren izen eta irudiarekin serigrafiatuak daude, Hurbilago elkartearenarekin batera.

Horietako bat eskuratu dezakezue, datorren Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioan izena eman eta haren izen-emate agiriarekin Hurbilago elkarteko saltokiren batera jo eta bertan erosketaren bat egitearen truke.

Kantinplora horiek agortu arte eskuratzeko modua izango duzue. Gogoan izan, lasterketarako izena kronoak.com atarian eman dezakezue. Lerrootan dituzue proba horri buruzko xehetasunak; korrika nahiz paseoa eginez edota dortsal solidarioa eskuratuta parte hartu ahalko duzue, berritua datorren aurtengo edizioan.