Zer ikusiko dute ikusleek larunbatean, Zubietako elizan?
Bea Egizabal (B.E.): Oso lagun izandako bi lagun, Grego eta Sorkun, aspaldi elkar ikusi gabe, eta hainbeste urte ikusi gabe zergatik egon diren azaltzen da. 20 urte geroago topo egingo dute.
Klown izatetik bizi daiteke?
Anduriña Zurutuza (A.Z.): Erraza ez da, baina zoragarria da. Asko gustatu behar zaizu, eta gauza guztietan bezala formatu egin behar zara eta lan asko egin behar da. Beste gauza guztiak bezala da. Gure kasuan, emakumeak eta pailazoak izanda, ez da erraza.
B.E.: Klownak arte eszenikoetan ez dakigu zer garen, ez baitzara aktorea. Klown obra bat baldin baduzu non egin dezakezu hori? Askotan umeei zuzendutako obrak izaten dira, zirkuan... Hor beste zirkuitu bat dago ordea. Oso zaila da kultura arloan sartzea. Bestetik, guk inprobisatu egiten dugu asko, beraz, desberdina da. Uste dut klownoi ez gaituztela asko aintzat hartzen, eta emakumeoi ere ez gehiegi. Gainera, gai batzuk hizpide badituzu, feminismoa besteak beste, ez gara kultura, eta gizarte zerbitzuetako ikuskizuna gara. Hori da zailena. Orain "Jo!" antzezlanarekin kultura zirkuitura salto egin dugu.
A.Z.: Ikuskizunean daukagu testua euskaraz, feminismoa, umorea eta antzerki fisikoa... Denetatik du. Ikuskizunean dena bildu dugu eta salto txiki hori egiten laguntzen ari zaigu. Eta kulturan sartzen ari gara.
Zer ematen dizue zuei klown izateak?
A.Z.: Nik urteak daramatzadala konturatzen ari naiz gustuko dudana umorea espero ez den espazioetan egitea dela: ospitaleko gela batean umorea egitea magikoa da, jardunaldi batzuetan ez dute espero, sorpresa bat da, eta bat-batean gelako giro hori hausten duzu. Horrela, umorea beste modu batean iristen da.
B.E.: Obra behar bat da. Duela hogei urte ezagutzen dugu elkar, eta hasieratik ondo eraman gara eszenatoki gainean. Horregatik, obra honekin asko disfrutatzen dugu. Egia da, inprobisazioak eta berak aipatzen dituen leku horietan adrenalina oso altua da.
Gainera, nahi ditudan gai sozialak umorearen bitartez salatzeko aukera ematen dit.
Nola ikusten duzue klownen egoera?
B.E.: Gu Oihulari Klown taldean hasi ginen. Zuzendari bat genuen, eta hura iristen zen tokira gu iristen ginen. Zu zure kabuz jartzen zarenean desberdina da zuk zure kabuz bilatu behar duzulako. Nik uste normalizatzen egon dela. Sudur gorriaren mugimenduak zirkuetatik kanpo atera du, baina ez dut uste aintzat hartzen denik. Bestalde, jendeak umorez egiten diren gauzak balioztatzen ditu, eta nolabait errazagoa jendearentzat eta eragina eduki dezakeela. Bai uste dut umoreari garrantzia gehiago ematen zaiola.
A.Z.: Desberdina da. Guri krisiak, pandemiak etabarrek kalte handia egin digute.