Pagazpe
19:00 Nagusien Usurbilgo Binakako txapelketa, final laurdenak:
Txoperena-Goikoetxea (Leitza)-Olaizola- Iturbe (Zestoa-Zaldibar)
Olaizola-Aranguren (Eple)-Galartza-Galartza (Larraun)
Usurbil F.T.
Futbola Haranetik kanpo
Ekainak 6, larunbata
10:30 Kadete emakumezkoen 1. maila: Anaitasuna CD B-Usurbil FT
50. urtemugako ekimenak
Betetako mende erdiaren harira, hainbat ekimen antolatu ditu Usurbil F.T.-k hurrengo asteotarako; tartean, ekainaren 12an 19:00etan irekiko duten erakusketa Sutegin. Horrekin batera, hilaren 27rako egun osoko jaialdia antolatzen ari dira; tartean, 14:30etan Agerialdeko frontoian egingo duten bazkaria. Maiatzaren 3a baino lehen aurrez izena emana zutenek lehentasuna izango dute orain, ekainaren 18ra arte martxan duten izen-emate deialdian. Horretarako, Usurbil F.T.-k haien sare sozialetan esekitako galdetegi hau bete beharko da: Usurbil F.T.-ren 50. urtemugako bazkaria
Aurrez eskatutako txartel kopurua aldatzeko aukera izango dela jakinarazi dute. Aurrez izena emandakoekin aurreikusitako lekua erabat beteko ez balitz, "galdetegi hau zabalduko dugu aurrerago eserlekuak bete arte", argitu dute antolatzaileek. Galdetegia betetzeko zailtasunak izan nahiz argibide gehiago jasotzeko usurbil.uft@gmail.com helbidera idatzi ahalko da.
Usurbil K.E.
Eskubaloi taldeen bilgunean hurrengo 2026-27 denboraldian parte hartu nahi dutenentzako matrikulazio epealdia ireki duela jakinarazi du Usurbil Kirol Elkarteak. "Hurrengo denboraldian gurekin eskubaloian jokatu nahi?". Hala egin nahi dutenek, "datorren denboraldian gurekin jokatu nahi baduzu", honako galdetegia betetzeko gonbita egin dute: https://forms.gle/iH8jJRPoFCqEj3M27
Izena emateko azken eguna ekainaren 19rako finkatu dute. "Aurrerago, umeei bideratutako ate irekiak ere antolatuko ditugu jokalari berriek probatzeko aukera izan dezaten. Interesa baduzu, adi egon gure sare sozialei eta bertan emango dugu informazio guztia", jakinarazi dute Usurbil K.E.-tik. Argibide gehiago behar dituenak bideotatik jaso ditzake: usurbilkirolelkartea@gmail.com / 610 003 227. "Animatu eta zatoz eskubaloiaz gozatzera!", egin dute gonbita.
Julen Lejardi eskubaloi kanpusa
Ekimen hau ere antolatu du Usurbil K.E.-k. Aurtengo edizioa ekainaren 22tik 26ra izango dela iragarri du Usurbil Kirol Elkarteak, 09:30-12:30 artean. Lehen Hezkuntzako eta DBH 1-2 mailetakoei zuzendua egongo da. “Jarduera fisikoa eta eskubaloia modu ludiko eta dibertigarrian ezagutaraztea izango da” helburua. Antolatzaileen esanetan, “parte-hartzaileek kirol honen oinarriak landuko dituzte jolas, dinamika eta jarduera entretenigarrien bidez, giro atsegin eta hezitzaile batean”. Ekimenak iraungo duen egun horietan “gonbidatu bereziren bat” agertu daitekeela iragarri dute, gazteak poztu ditzakeena. Izen-ematea zabalik dute esteka honetan: https://forms.gle/gWvYsDbLQuSLLUhh9
6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioa
Izen-emateak zabalik segiko du ekainaren 11ko arratsaldeko 20:00ak arte kronoak.com atarian. Ekainaren 14ko ediziorako berrikuntzak txertatu dituzte antolatzaileek. Ibilbide bakarra osatu ahalko da Andatzan barrena, 12 kilometrokoa, baina bi moduan parte hartu ahalko da; bakarka edo binaka. Horrez gain, aurreko edizioetan bezalaxe, Uxue Paseoarekin bat egiteko aukera ere izango da; hau da, oinez 5,5 kilometroko ibilbidea osatzekoa. Lasterketan 18 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute, 15 urtetik gorakoek ere bai, gurasoen baimena aurkeztuz gero. Uxue Paseoan edozein adin tarteetakoak irten ahalko dira.
Sariei dagokienean ere aldaketak izango dira. Aurreko edizioetan, helmugaraturiko Uxue Trail Luzeko zein Motzeko lehenengo hiruna gizonezko eta emakumezko saritzen zituzten. Oraingo honetan, ibilbide bakarra izanda baina banaka zein binaka parte har daitekeela jakinda, bederatzi izango dira frontoiko oholtzan sarituko dituzten lasterkariak; batetik, banakako lasterketan hiruna emakumezko eta gizonezko. Azkenik, binaka parte harturikoen artean, helmugaraturiko lehenengo gizonez nahiz emakumeez osaturiko bikote bana eta lehenengo bikote mistoa ere sarituko dute.
Lasterketarako dortsalak frontoian banatu asmo dituzte bezperan, hilaren 13an, 18:00-20:00 artean, nahiz lasterketa egunean, 08:00-09:30 artean.
Berrikuntzak berrikuntza, ekimenaren izaera solidarioari eutsiko diote aurten ere. "Lasterketaren helburua ez da aldatu: Phelan-McDermid gaixotasunaren ikerketa bultzatzea. Parte hartuz, ikerketa aurrera daramazu. Animatu zaitezte!", egin dute deialdia.
Kantinploren kanpaina
Hurbilago elkarteak ere bat egingo du, ekainaren 14rako antolaturiko 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioarekin. Izan ere, aipatu herriko merkatarien eta ostalarien elkarteak bezeroak hitzordu horretan parte hartzera animatuko ditu. Horretarako, 250 oparirekin dator, albiste honi atxikitako irudiotan dituzuen 250 kantinplorekin. Elkartasun lasterketaren izen eta irudiarekin serigrafiatuak daude, Hurbilago elkartearenarekin batera.
Horietako bat eskuratu dezakezue, datorren Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioan izena eman eta haren izen-emate agiriarekin Hurbilago elkarteko saltokiren batera jo eta bertan erosketaren bat egitearen truke.
Kantinplora horiek agortu arte eskuratzeko modua izango duzue. Gogoan izan, lasterketarako izena kronoak.com atarian eman dezakezue. Lerrootan dituzue proba horri buruzko xehetasunak; korrika nahiz paseoa eginez edota dortsal solidarioa eskuratuta parte hartu ahalko duzue, berritua datorren aurtengo edizioan.