Liverpool taldea zuzenduko du Andoni Iraolak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 5a

2025-26 denboraldia amaitzean Bournemouth taldeko entrenatzaile izateari utziko ziola iragarri zuen apirilean. Hainbat zurrumurruren ostean, Liverpool taldea zuzenduko du usurbildarrak.

Nazioarteko futbol talde entzutetsuak gidatzen segiko du Andoni Iraola usurbildarrak. Izan ere, 2023az geroztik Bournemouth taldea zuzendu ostean, apirilean talde horretako entrenatzailea izateari utziko ziola iragarri zuen. Ia bi hilabete geroago eta hainbat zurrumurruren ostean, Liverpool futbol taldea zuzenduko duela iragarri du aipatu klubak berak. Ingalaterra hegoaldetik iparraldera lekuz aldatuko du beraz, bere jardunaren eremua.

43 urteko usurbildarra dagoeneko entrenamendu leku berria izango duen eremuan, Liverpooleko estadioan egon da. Taldeari eskainitako lehen elkarrizketan adierazi du entusiasmo handiz heldu dela klubera. Lantoki berrian jardunari ekiteko emozio handia agertu du. Berezitzat jo du taldea. Bere esanetan, ez da behar gauza askorik Liverpool erakargarritzat jotzeko. "Giroa, zaletuak, kluba, jokalariak, lehen mailako jokalariak entrenatzeko aukera, titulua eskuratzeko borrokatzea. Hori baino aukera erakargarriagoa aurkitzea zaila da".

Eskertua
Denboraldi hau amaitzean, Ingalaterra hegoaldeko kostaldean kokaturiko Bournemouth hiriko futbol taldeko entrenatzaile izateari utziko ziola iragarri zuen Andoni Iraolak, aipatu klubak berak ohar bidez, joan den apirilaren 14an. 2023az geroztik aritu da zuzentzen aipatu taldea usurbildarra.

Arrakastatsutzat jo zituen klubak urteok eta segidan duzuen irudiaren bidez eskerrak helarazi nahi izan zizkion Iraolari. "Nola ez, bere erabakia errespetatzen dugu eta eskerrik asko klub honen alde egindako guztiagatik azkeneko hiru urteotan", adierazi zion taldeak usurbildarrari.

Berari buruz intentsitatea, berrikuntza eta filosofia argia nabarmendu zituen klubak, taldea goratzen lagundu duten ezaugarriak zelaian eta handik kanpo. Jokalarien onena azaleratzen asmatu izana ere azpimarratu zuten. Klubak plazaraturiko oharrak Iraolaren zenbait hitz jaso zituen baita. "Ohorea izan da taldea zuzentzea. Elkarrekin lortu dugunaz harro nago. Lan egin dudan jokalariekiko eta lankideekiko esker ona baino ez dut". Usurbildarraren esanetan, "sentitzen dut hauxe dela une egokia niretzat" taldea uzteko baina nabarmendu duenez, "beti eramango ditut nirekin klub honetan izandako oroitzapen ederrak".

Klubak bere "esker zintzoena" adierazi zion Iraolari, klubari eginiko "bere ekarpen bikainagatik eta onena desio diogu berari eta bere familiari etorkizunerako".

Jokalari izatetik entrenatzaile postura
Rayo Vallecano utzi eta duela hiru urte heldu zen Ingalaterrara usurbildarra. Aurretik, hiru urtez, Rayo Vallecano entrenatzen aritu zen, baita Bigarren Mailako Mirandes eta Zipreko AEK Larnaca taldeak.

Futbol jokalari izateari utzi zion Iraolak 2016an, ia ibilbide osoa Athletic taldean jokatu ostean. Ibilbide luzea osatu zuen Iraolak futbolari gisa. Elite mailan 12 urtez aritu zen, Athleticen. 2003-2004 denboraldian hasi zenetik 500 partida baino gehiagotan parte hartu zuen. Gero, AEB-tako New York City FC taldean aritu zen epe labur batean.

2019an hasi zuen entrenatzaile gisa bere ibilbidea; Txipreko AEK Larnaca zuzendu zuen 2020ra arte. Tarte horretan, taldea Europa Leaguen sailkatu eta Txipreko Superkopa irabaztea lortu zuen.