"Datozenak esperimentatzeko gogoz etor daitezela" igandeko 2. Kultur Azokara

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 5a

Bigarren Kultur Azokak hartuko du herriko plaza ekainaren 7an. Herriko sortzaileen hamarnaka postu izango dira, sorpresak izango dituen ekimenean. 2022an eginiko edizioarekin alderatuta, oraingoan, urteotan eraikitzen joandako Arrobitxulo elkargunea aurkezteko baliatuko dute.

Duela lau urte egin zen lehen aldiz Kultur Azoka. Zer irudikatu nahi izan zenuten?
Duela lau urtekoa, Kulturgunearen herri aurkezpen bat egiteko modu berritzaile bat izan zen eta arrakastatsua, aldi berean. Kulturgunearen filosofia bera ere islatu nahi genuen. Usurbilgo kultur ekosistema guztia nahi izan zen plazan jarri: kultur zaleak, sortzaileak, komunikazioan dihardutenak eta transmisioan edo hezkuntzan ari direnak. Postuetan ez genuen lehenetsi produktuak saldu eta erostea, baizik eta sormen prozesuak islatzea eta zetorrenak aktiboki parte hartzea. Azken produktua edo emaitza ikusten dugu beti, baina sortzailearen lan prozesu luzea erakutsi nahi genuen postu horietan. Lortu zen garrantzia ematea sortzaileari, sormen prozesuari, sorkuntzak norbanakoengan nahiz herrian bertan duen garrantziari. Izan ere, Usurbilgo Kulturgunearen helburua da kulturzaleak sortzea eta horretarako, sorkuntzak eta sortzaileek berebiziko garrantzia dute. Horrez gain, herriko sortzaileak plaza berdinean elkarrekin jarrita komunitate izaera sustatu eta aliantzak sortzeko ere balio izan zuen.

Ordutik, Kulturgunea bere baitan hartzen duen Arrobitxulo elkargunea eraikitzen eta garatzen joan zarete. Nola islatuko duzue igandeko azokan?
Oinarria antzekoa izango da. Plazak antzeko itxura hartuko du. Ekosistema elkartzea, herriratzea izango du helburu nagusietako bat. 2022ko azoka Kulturgunea aurkezteko baliatu zen bezala, orain, Arrobitxulorekin egin dugun prozesua beste modu batean aurkezteko baliatuko dugu. Izan ere, azken boladan aurrerapauso handiak eman ditugu. Eraikinaren inguruko informazioa eta irudiak erakutsiko ditugu. Guk indarra jartzen dugu behin eta berriz proiektua bizirik mantentze horretan. Arrobitxulo helmuga bezala ez dugu ikusten, bide gisa baizik. Gonbita egingo dugu prozesu horretan parte hartzera.

Elkarguneko gainerako eragileek parte hartuko dute azokan?
Postuak, nagusiki, kultur sortzaileek eta antolatzaileek jarriko dituzte, baina bereziki, lantalde motorean aritu diren gainerako eragileek ere parte hartuko dute. Arrobitxulori keinu desberdinak egingo zaizkio; hari buruzko informazio postua, elkarguneari buruzko galderekin jolastu eta zozketan parte hartzeko tonbola (amaierako ekitaldian, sortzaileen lanen otarrak zozketatuko ditugu), edota Arrobitxuloren irudia serigrafiatzeko postua egongo da. Beraz, gonbita luzatzen dugu etxetik, poltsak, kamisetak, jertseak... eramatera. Etorkizuneko Elkarguneak kultur sormenerako gune espezifikoa izango du bigarren solairuan. Arrobitxulok beteko duen rol hori ere plazaratu nahi genuen eta sortzaile horiek guztiak biltzea horren bueltan. Islatu nahi dugu baita Arrobitxuloren bueltan zer gertatuko den eta ideiak jaso ere bai, zer gertatzea nahi den. Jabetu gara eragileak elkarrekin askoz potentzial handiagoa dugula, baita transmisiorako ere. Plazan hori ere nahi dugu islatu, Arrobitxulon gauza bera gertatuko baita.

Herritarrak nola nahi zenukete azokara hurbiltzea?
Arrobitxulo gaztetasunetik dinamizatua izango den espazio bat dela irudikatzen dugu, baina herritar oro parte hartzera gonbidatua dago, ez entzutera edo ikustera soilik, baita iritzia ematera, ideiak proposatzera. Azoka parte hartzailea izatea nahi dugu. Sortzaileei ere, ahal den hei-nean, bertaratzen dena prozesu horren parte izatera animatu nahi dugu. Azoka interaktiboa izango da, beraz, datozenak esperimentatzeko gogoz etor daitezela. Hori da azoka honen berezitasuna. Azoka deitu diogu, baina azokaren zentzu klasikoa alde batera utzi behar da. Saldu eta erosteko aukera eman diegu sortzaileei baina erabat bigarren lerroan jartzen dugun zerbait da. Hemen, bereziki, sortzaileen sormen prozesua eta ikuslearen interakzioa lehenetsi ditugu.

Arrobitxuloren antzera, elkargune izaera izango du azokak.
Gutxi gorabehera Usurbilgo diziplina ezberdinetako 35-40 sortzaile ezberdinek baiezkoa eman dute, horietatik 30 postu izango dira oraingoz. Herriko sortzaileek parte hartuko dute, izan bertsolari, txalapartari, moda diseinatzaile, performance gile... Beraz, askotariko diziplinak tartekatuko dira: musika, bertsoak, moda diseinua, eskulanak, ilustrazioak, literatura, ikus-entzunezkoak, dantza, magia... Postu bakoitzean oinarrizko materiala jarriko diegu, gero bakoitzak bere erara moldatuko du. Postuetan ez dauden sortzaileek ere parte hartuko dute. Izan ere, hiru ardatz izango ditu azokak: postuak, egitaraua eta Arrobitxulori lotutako ekimenak (postua, tonbola, ekitaldia). Sorpresa ezberdinak egongo dira; tartean, moda desfilea ere izango dugu. Hor ere beste herrikide batzuk parte hartuko dute, modeloak denak usurbildarrak izango dira. Duela lau urte Maider Alzagaren eta Jone Iruretagoienaren arropekin desfilatu zuten, aurten hirugarren bat animatuko da; Leire Iturbe. Ikasketak bukatu berri ditu, halako plaza bat izatea ederra da. Oso pozik gaude. Parte hartzearen ikuspuntutik diziplina aniztasuna eta adin tarte desberdintasun handia dago, hasiberriak nahiz ibilbide luzea egina dutenak, sorkuntzatik bizi direnak eta ez direnak... Denetarik egongo da.

Arrobitxulori lotutako aurkezpena egitekoak zarete. Zertan da elkargunea?
Urte luzez lanean ari gara. Pandemia buelta horretatik hasi ginen hausnarketa batzuekin eta proiektua definitzen lauzpabost urte bagoaz. Oraindik indartsu jarraitzen dugu eta hori bada zerbaiten isla. Hor, azkenean, talde motorean gaudenetik jende gehiago biltzen ari gara. Gu indartsu eta sinestuak gaude herri honek behar duen proiektua dela. Hamaika lanetan aritu gara azkenaldian, hamaika bileretan, barruko lanetan. Informazioa partekatu eta hainbat irudi erakutsiko ditugu azokan. Halako proiektu hain anbiziotsua, aurrekontu nabarmenekoa, oso argi azaldu behar da behar beste alditan. Arrobitxulok zer programa izango duen, horren zertzelada batzuk eman eta ideiak jaso nahi ditugu. Arrobitxulo ez da izango ezeren bikoizketa, gazte, aisialdi eta kultur mugimendua indartu eta sinergiak sortuko ditu. Apustu sendo bat eta aitortza bat da herri honek duen dinamika horri guztiari. Etorkizunera begira ere horri guztiari bide emateko tresna garrantzitsua izango da.

Bilguneen bilgunea.
Ikastola ondoan, aisialdiko eragileekin, sortzaileekin, gazte mugimenduarekin... Dena hor kontzentratuta izateak sortzen dituen aukerak handiak izango dira. Horixe nahi dugu plazaratu ekainaren 7an eta horretara goaz. Sortzaileak gonbidatu ditugunean erantzuna ederra izan da. Ez genuen espero halako harrera izatea. Aurreko azokan baino postu gehiago egongo dira. Hainbeste ardatz dituen proiektua izanik, dena txirikordatzen ari garen honetan, behin baino gehiagotan ateratzen ari gara kalera. Izan ere, herri proiektu bat izatea nahi dugu. Horretarako, behin eta berriz gaude kalean, behin eta berriz ari gara hau aurkezten eta behin eta berriz gonbita luzatzen dugu, parte hartu nahi duen orori egitasmora gehitzera.

2. Kultur Azoka
Ekainak 7 igandea
Dema plazan
• 12:00 Azokaren irekiera.
Azokan zehar, tailerrak, jolasak, tonbola, zozketak.
12:45 Moda desfilea.
13:30 Ekitaldia.
14:00 Itxiera.

Antolatzailea: Arrobitxulo elkargunea (Kulturgunea, gazte mugimendua eta aisialdiko eragileak).