"Gaur pozik esan dezakegu, Sortalderen lehen energia autokontsumorako instalazioa martxan dagoela"

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 6a

Ospakizun eguna izan du ostiral hau, ekainaren 5a, Sortalde Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateak. Izan ere, energia autokontsumorako lehen instalakuntza martxan jarri dutela jakinarazi dute, Udarregi ikastolaren Agerialderen eraikineko teilatuan. Jakinarazpen hau ospakizunean bilakatu dute, komunitateko kideak nahiz herrikide gehiago Mikel Laboa plazan bildutako hitzorduak agerian utzi bezalaxe. Gazte belaunaldiak musikatu eta mokadutxoak girotu dute hitzordua.

Bizpahiru kidez osatutako 30-35 bizikidetza unitateetan kontsumitu dezaketen adina energia sortzeko gaitasuna dute, hitzordu horretan azaldu duten bezalaxe, Agerialdeko teilatu gainean jarritako ia berrehun panelek. "Instalazio honetan, 82 bazkide gaude konektatuak; 77 etxebizitza, 4 merkatari eta Usurbilgo Udala ere bai", zehaztu dute.

Proiektu honen onurez ohartarazi dute, Mikel Laboa plazako ospakizunean. "Energia berriztagarriak sortu eta kontsumitzen ditugu, energia herrian bertan sortzen dugu, kanpoko energiarekiko menpekotasuna murriztu dugu. Sortaldeko bazkideak gara energia horren jabeak eta energia horren gainean erabakia eta burujabetza dugu, oso garrantzitsua dena baita". 

"Proiektuak harrera bikaina izan du herrian"
Hala, Sortaldetik bertatik nabarmendu duten moduan, "proiektua zena gauzatu da, gaur pozik esan dezakegu, Sortalderen lehen energia autokontsumorako instalazioa martxan dagoela". Iaz eraiki zen aipatu instalakuntza. Aurreikusi baino geroago abiarazi dute, bidean izandako zailtasunak tarteko, "baina aurten, 2026an gure energia baratza egia bihurtu da. Proiektuak harrera bikaina izan du herrian, hainbesteraino, non une honetan, plaka fotovoltaiko guztiak hartuta daudela".

Horregatik, aipatu energia berriztagarrien komunitatetik jakinarazi dutenez, "Sortaldetik lanean ari gara, jada beste instalazio fotovoltaiko bat eskaini ahal izateko bideak jorratzen". Horregatik, Sortalderekin bat egiteko gonbita egin dute. "Oraindik pausoa eman ez duzuenoi, gurekin bat egiteko gonbita luzatzen dizuegu, hurbildu gugana edo klikatu sortalde.eus atarian edo sare sozialetan".

Eskertza helarazi nahi izan dute Sortaldetik, "proiektu hau auzolanean eta elkarlanean eraiki baitugu. Lehenik eta behin, eskerrik asko gaur aurkezten dugun instalazio hau ahalbideratu duten erakundeei, Usurbilgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, emandako dirulaguntza eta babesagatik. Baina diruaz haratago, eskerrik beroena bazkideoi, elkartu garenoi eta denoi, 89 horiei. Zuen konfiantza izan da motorra, proiektuan inbertituz eta egitasmoa bultzatuz, modu askotara, bakoitza bere gaitasunekin, baina borondate hori guztia ezinbestekoa izan da hona iristeko. Azkenik, bi aipamen; bat udalari, herri kudeaketan ardatz izango den herriko misioak prozesuan Sortalderengan jarritako konfiantzagatik eta, nola ez, Goienerreko Alazneri eta Felixi eskerrik asko proiektu hau desblokeatzeko egin duzuen etengabeko ahalegin nekaezinagatik. Goza dezagun gure energia baratzeaz eta bizi dezagun energia baratza".

"Gure helburu nagusia herritarrok energiarekin dugun harremana sakonki aldatu eta eraldatzea da"
Agerialdeko teilatu gaineko proiektu energetikoa martxan jarri zutela jakinarazteaz gain, ostiral honetako ospakizuna, energia komunitatearen beraren nondik norakoak gogora ekartzeko baliatu du Sortaldek. "Sortalde Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatea da. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba integral gisa eratuak gaude", energia kontsumoari nahiz alor horretako zerbitzuak eskaintzera bideratua dago haien jarduna. Bazkideek sostengatzen dute proiektua. "Indargunetzat dugu bazkideen aniztasuna; norbanakoak, familiak, erakundeak eta entitate juridikoak biltzen ditugu, dela kontsumitzaile edo laguntzaile gisa. Gaur gaurkoz, 89 bazkide gara; horietatik 84 kontsumitzaileak gara eta 5 laguntzaileak".

2023tik ari da lanean lanean. Urte hartan sortu zuen Usurbilgo Udalak "lagundutako parte hartze prozesu emankor baten ostean". Urtebete geroago, "2024an egin genion herriari gure aurkezpen publikoa, gure izena aurkeztuz eta izatea plazaratuz".

Energia komunitatearen helburuak ere ekarri dituzte gogora. Argitu nahi izan dutenez, "gure helburua ez da soilik plakak jartzea, gure helburu nagusia herritarrok energiarekin dugun harremana sakonki aldatu eta eraldatzea da. Horretarako, hainbat ekimen garatzen ari gara eta garatu nahi ditugu, beti ere herritarren parte hartze ahalik eta zabalena sustatuz. Honen inguruan eta, lehenik, sorkuntza eta autokontsumo partekatua, gure energia propioa ekoitzi eta modu bidezkoan banatzea da; burujabetza energetikoa, energia herritaron eskuetan jartzea, oligopolioekiko mendekotasuna murriztuz". Horrez gain, "beste ekimen talde bat energia eraginkortasuna eta aholkularitzaren inguruan" aritzen da, "energia gastuak nola murriztu ikasteko eta energia pobreziari aurre egiteko bideak jorratzeko". Beste lan-ildoetako bat, "formakuntza eta dibulgazioa dugu, energiaren inguruko gaiak herritar guztiontzat ulergarri egiteko, herritarra ahalduntzeko, guztiok ahalduntzeko energiaren inguruan".

Mugikortasunaren alorrean ere eragiten ari dira. "Mugikortasuna da beste bloke bat, energia eta mugikortasun jasangarriagoaren aldeko urratsak ematea. Eta, nola ez, trantsizio ekosoziala erronka handi honen aurrean, proiektu berrien sustatzaile eta eragile aktiboa izatea nahi genuke". 

Ostiral honetako ekitaldian, Sortalde irudikatu soilik ez, piztu egin dute energia komunitatea, albiste honi atxikitako irudietan ikusi ahalko duzuenez.