"Sei aste eta ESI Donostialdeako arduradunaren erantzunik gabe jarraitzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 6a

Donostialdeako Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek mobilizazio ziklo betean segitzen dute, "osasun publikoaren narriadura planifikatua" salatu eta eskualde honetako ESIko arduradunarekin biltzea eskatzen jarraitzeko.

Mobilizazio ziklo zabal baten baitan dira osasungintzan eskualde honetakoak ditugun Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak. Apirilaren 18an eragile gehiagorekin batera manifestatu ziren Gipuzkoako hiriburu erdiguneko kaleetan barrena. Hiru egun geroago, Donostia ospitalearen atarian elkarretaratzea egin zuten. Egun hartan, Donostialdeako ESIaren arduradunarekin biltzeko eskaria formalki erregistratu zuten, osasun publikoak bizi duen egoeraren aurrean konponbideez hitz egiteko; "Donostialdeko Etengabeko Arretako Guneek (EAG), medikuen etengabeko gabezien ondorioz, aspalditik jasaten duten egoera larria jorratu nahi da". Hilabete geroago, Eusko Jaurlaritzak Alderdi Eder ondoan duen ordezkaritzaren atarian mobilizatu ziren berriz. Bilera eskari horren erantzunik ez zutela jaso adierazi zuten.

Mobilizazio gehiago deitu zituzten asteotarako. Lehenengoa, ostiral honetan, ekainaren 5ean egin dute hiriburu erdiguneko Bengoetxea kaleko Etengabeko Arreta Gunearen atarian. Hilabete eta erdi igaro da eta berdin jarraitzen dutela eman dute aditzera; bilera eskariari lotutako erantzunik ez dute jaso oraindik.

"Sei aste eta ESI Donostialdeako arduradunaren erantzunik gabe jarraitzen dugu. Promesarik ez, konponbideak orain!", aldarripean eginiko elkarretaratzean zehar, "osasun publikoa indartu", "medikuak arreta guneetan", "pribatizaziorik ez", "osasunarekin negoziorik ez", "osasun publikoa defenda dezagun" gisako aldarriak entzun ziren.

Ohartarazi zutenez, "Etengabeko Arreta Guneak medikurik gabe edukitzeak arriskuan jartzen du herritarren osasuna eta ekitatea hausten du, "zerbitzuetara iristeko zailtasunagatik eta gehiegi kargatzen ditu ospitaleko larrialdiak". Uda honi begira zer gertatuko den galdetu zuten, beste behin, gehiago murriztuko ote den, jada "murriztua dagoen hori". Argi adierazi zuten, "ez dugu onartuko osasun publikoaren narriadura planifikatua".

"2024ko txanden %36,4an medikuen falta izan zen"
Izan ere, azkenekoz, maiatzaren 25eko elkarretaratzean nahiz aurreko deialdietan salatu zuten, "Donostialdeko ESIko EAGen egoera katastrofikoa, hau da, Donostialdeko Erakunde Integratuko Etengabeko Arreta Guneen egoera katastrofikoa; datu bat ematearren, 2024ko txanden %36,4an medikuen falta izan zen".

Bide honetan aurrera eginez gero, plataforma hauek galdetu zuten "normalduko al dugu osasun-arretako zerbitzuak medikurik gabe izatea? Grebetan eskatzen diren gutxienekoak ere betetzen ez dituzten osasun arretako zerbitzuekin konformatzen al da Osakidetza? Noiz arte adabakiak, peonadak, bete gabeko txandak eta abar, egiturazko arazoetarako benetan egiturazko konponbiderik proposatu gabe?".

Osakidetzaren buruei hitzetatik ekintzetarako jauzia egitea falta zaiela adierazi zuten aipatu herri plataformek. "Osakidetzako buruan konponduko da hitzak onak izan arren, errealitatea oso burugogorra da, eta justu kontrakoa erakusten digu: aseguru pribatuen kontratazioa gora egiten ari da, osasun-zerbitzu publikoen narriadura progresiboaren ondorioz; era horretan, osasun-zerbitzuetarako sarbidean ekitatea hausten ari da, desberdintasunean sakonduz".

Mobilizazio gehiago deitu dituzte hurrengo asteotarako; haietako bat, Lasarte-Oriako anbulatorio atarian.



Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen mobilizazioak
Ekainak 12, ostirala
11:30 Errenteriako Iztietako anbulategiaren aurrean.

Ekainak 18, osteguna
17:30 Lasarte-Oriako anbulatorioaren aurrean.

Deitzaileak: Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.