Azkena izatea nahi duen 2027ko Bilboko manifestazioa iragarri du Sarek

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 6a

2027ko urtarrilaren 9rako azkena izatea nahi duten Bilboko manifestazio nazionala iragarri du Sarek larunbat honetan, Arrasaten.

 

"Gure borondatea eta nahia da urteetan milaka herritar biltzen dituen manifestazio iraunkorrei amaiera ematea. Eta beraz, azkena izatea nahi dugu. Baina errealitate bihurtzea guztion ahaleginaren araberakoa izango da. Denok Bilbora! Helmuga denak etxera!". Hitz horiekin, azkena izatea nahi duten Bilboko 2027ko urtarrilaren 9ko manifestazioa iragarri du Sarek, larunbat goiz honetan, Arrasaten eginiko agerraldi jendetsuan. Horretarako, nabarmendu dutenez, "aurten ahalegin kolektibo handiena egin behar da 2027ko urtarrileko manifestazioak adieraz dezan euskal gizartearen gehiengoak aurrera egin nahi duela. Helmuga denak etxera. Gure helburua da manifestazioak euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio sozialaren ibilbide oso baten amaiera irudikatzea".

Urteotako ibilbidea nabarmentzeko hitzordua izango da hurrengo urtarrilaren 9koa. "Datorren 2027ko urtarrilaren 9an, berriro defendatuko ditugu presoen eskubideak eta, horrekin batera, egindako bidea eta hori posible egin duen herritarren konpromisoa gogoratuko ditugu".

Horretarako, "guztion artean lortu behar dugu urtarrilaren 9ko deialdi hau euskal gizartearen gehiengoaren adierazpena izatea, denoi min egiten digun eta amaitu behar dugun egoera bati amaiera emateko".

Datorren urtarrilaren 9an, "elkarbizitza eta konponbidea bezalako hitzak egia bihurtzeko behin betiko urratsa emateko borondate irmoa" izateko deia egin du Sarek. "Eta hori euskal preso guztien etxeratzearekin eta indarkeria guztien biktimak errespetatzearekin bakarrik izango da posible".

Trantsizio-aldia
Honako hauxe zen egunotan, Sarek partekatu asmo zuen albiste garrantzitsua. Urrats historiko hou ematea erabaki dute. Izan ere, "uste dugu gure lan-ildoa birmoldatu behar dugula, eta une bakoitzeko beharretara egokitzen ahalegindu, baina ahaztu gabe gure helburua lanean jarraitzea dela motibazio politikoko azken preso, iheslari edo deportatua etxera itzuli arte". Bide horretan, "uste dugu osasuntsua eta arduratsua dela irudikatzea etorkizun hurbil horretan Sare ez dela beharrezkoa izango. Izan ere, gurea bezalako sare baten ondarerik onena ez da betikotzea, baizik eta hura sortu zuen bidegabekeria desagertzen laguntzea. Pentsatu behar dugu Sareren amaiera, gauzak ongi eginez gero, garaipen kolektiboa eta diskretua izango dela, garaipen garrantzitsuenak halakoak izan ohi dira eta".

Hemendik aurrerakoa, trantsizio-aldi moduan definitu du Sarek. "Mobilizazioekin nola jokatu eta haien egokitasuna aztertuko dugu bai tokian-tokian bai nazio mailan".

Sarek uste du, "garaia iritsi dela etapa bati bukaera ematen hasteko eta aldarrikapen-modu berri bat irekitzeko, aurrean ditugun erronka berriei erantzuteko gai izango dena". Argi dutenez, "gure jarduteko modua birdefinitu behar dugu, gure mobilizazio-dinamikak errealitate berrira egokituz, baina gure helburuari uko egin gabe: azken presoa, iheslaria eta deportatua etxera itzultzea".

"Egoera aldatu egin da"
Gogora ekarri dutenez, duela hamabi urte, Sare sortu zenean, "465 preso zeuden, Espainiako eta Frantziako estatuetako 50 espetxetan baino gehiagotan sakabanatuta, 140 preso Frantziako Estatuan, zehazki. Euskal Herriko ehun herrietan baino gehiagotan presoak zeuden, eta haiek gogoratu eta haien eskubideak landu behar ziren, astero kontzentrazioak eginez herri horietako bakoitzean".

Gerora, 2023an, "sakabanatze- eta urruntze-politikaren amaierak gure dinamikak aldatzera behartu gintuen, zorionez. Gaur egun, agertokia desberdina da. Gutxi gorabehera 120 preso daude, eta horietatik % 70 inguru hirugarren graduan daude, edo 100.2 artikulua dute aplikatuta. Euskal Herriko 35 herrietan dago oraindik motibazio politikoko preso, iheslari edo deportaturen bat. Gutxi gorabehera 40 pertsona daude oraindik gradu-progresiorik gabe edo 100.2 artikulua aplikatu gabe, baina espero dugu egoera hori aurten aldatu ahal izatea, dela “euskal espetxe eredua” izenekoa aplikatzeagatik, dela 7/2014 Legea garatzeagatik Frantziako Estatuan zigorra bete zutenentzat".

Bistan denez, beraz, larunbat honetan, Arrasatetik adierazi dutenez, "zuhurtziaz baina zintzotasunez esan dezakegu egoera aldatu egin dela. Urte askoan aldaezina zirudien agertokia eraldatzen lagundu dugu; gizartean gero eta kontzientzia handiagoa dago, eta gero eta irmoagoa da etapa hau behin betiko ixteko erabakia".

"Zuzenbidearen eta giza eskubideen defentsa"
Hamabi urteotako bidea ez da erraza izan Sarerentzat. "Denbora honetan, euskal gizartearen zati handi baten etengabeko babesa sentitu dugu, gizarte horren parte gara eta haren zerbitzuan gaude. Baina ezagutu ditugu, halaber, seinalatze eta jazarpenak, eta kriminalizazio- eta desakreditazio-ahaleginak, ezer ez aldatzea nahiago dutenen aldetik: zenbait instantzia judizialetatik, panfleto bihurtutako tribuna mediatikoetatik, edo immobilismoaz elikatzen diren diskurtso politikoetatik".

Halere, sorreratik gaur arte "aniztasun politikoa, soziala eta humanoa hartu dugu oinarri gisa, ideologiaren eta testuinguruaren mende egon behar ez luketen eskubideak defendatzeko. Lehenengo egunetik bertatik, erdigunean kokatu dugu zuzenbidearen eta giza eskubideen defentsa". Ibilbide hau egin dute "hasieratik gidatu gaituen konpromiso etikoari eutsiz: biktima guztien duintasuna defendatzea, hierarkiarik eta instrumentalizaziorik gabe".


Sareren hurrengo deialdiak
Ekainak 26, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

2027ko urtarrilak 9, larunbata
17:00 Manifestazio nazionala Bilboko La Casillatik.

Informazio gehiago: sare.eus
Deitzailea: Sare.