Larunbata izan arren, zabalik zen gaur ikastola. Izan ere, Udarregik bere urteko jaiegun nagusia ospatu du haren bueltako komunitate osoarekin. Programatu dituen ekintzen artean duzue irudiotakoa. DBH-koek ikusgai jarri dituzte azken hilabeteotan ondutako hainbat eta hainbat proiektu. Ezin guztiak arlo bakar eta berean sailkatu, baina guztiek bazuten ezaugarri bat behintzat, amankomuna; eskuz eginikoak ziren guztiak.
Eskulanen erakusleiho handian bilakatu dute 12-16 urte arteko ikasleen proiektuek ikastolaren eraikin gorriko erdiko aretoa, ekainaren seigarren honetako Ikastola Egunean. Arte plastikoen mahai handi bat kokatu dute erdigunean; bertan, ikasleek haien biografia aintzakotzat hartuta sortutako eskulanak ezagutu ahal izan dira. Denon ongizatera bideraturiko desioak abiapuntu hartuta beste artelan sorta bat ere bazen ikusgai, edota musika talde gogokoena aitzakia gisa baliatuta, eginiko sormen lan ederrak zeuden.
Teknikoagoak ziren proiektu interesgarri gehiago ere erakutsi eta aurkeztu dizkiete ikasleek bisitan joandakoei.; "elektroetxea" edo "beldarrak" izenekoak, ezkutuko azukreari buruzko ikerlana edota herriko airearen eta ur kalitatearen ingurukoak ezagutzeko parada izan da.