Iraun duen artean eta amaieran egin bezalaxe, hasiera girotua izan du Arrobitxulo elkarguneak antolaturiko igande honetako, ekainaren 7ko 2. Kultur Azokak. Txalaparta doinuak, bertso saioa eta adi, irrintzi kolektibo batek zabaldu dute aipatu bilgunearen ekimena.
Mattin Iribar eta Iosu Romero aritu dira maisuki txalapartari gisa, Iurgi Fuentes adarra jotzen aritu da gero. Haien lekukoa hartu dute segidan bertsotan, Aitor Agirrek eta Uxue Fernandezek.
Horraino, halako azoka bat abiatzeko ezagunak genituen elementu edo osagaiak. Halere, izan da nobedaderik ere. Herri bizia izateaz gain, Usurbil berritzailea dugularen adibide, txalaparta edota bertso saioaren ondotik eta Agirreren gonbitarekin bat eginez, 2. Kultur Azoka hasteko egindako irrintzi kolektiboa. Albiste honi atxikitako bideoan duzue, Arrobitxulo elkargunearen hasiera ekitaldi osoa.