Kultur Azoka

"Arrobitxulok herritarren beharrei erantzungo dien gune bizia izan nahi du"

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 7a

Eraikitzen diharduten Arrobitxulo elkarguneari lotutako aurkezpen ekitaldia egiteko ere baliatu dute igande honetako, 2. Kultur Azoka. Egitasmoarekin bat egiteko deia egin dute.

Gaurko 2. Kultur Azokari testuingurua erantsi nahi izan diote antolatzaileek, amaieran eginiko ekitaldiarekin. "Lau urteren ostean, kulturaz blaitu dugu berriz ere Dema plaza. Usurbilgo kultur ekosistema plazaratzea izan da gure asmoa; kulturzaleak, sortzaileak, antolatzaileak, komunikazioan dihardutenak eta transmisioan edo hezkuntzan ari direnak erdigunean jartzea izan da gure helburua".

Zenbatuak zituzten moduan, 30 bat postu izan dira eta haietan guztietan, "herritarren sormen prozesuak" ezagutu ahal izan dira. Horri egin nahi izan diote azpimarra. "Azoketan ohituak gaude, azken produktuak edo emaitzak ikustera, saltzeko eta erosteko aukerak zabaltzera. Baina produktu edo emaitza horiek eskuratzeko lan prozesu luzea izan ohi du sortzaileak eta sormen prozesu horiek bihurtu nahi izan ditugu protagonistak gaurko postuetan".

Horren bidez, "sortzailea, sormen prozesua eta honakoak norberarengan eta inguruarengan, herrian edo komunitategintzan duen eragina balioan jarri nahi izan dugu, garenaren zati handi bat, gaur gertatu den guztiari zor baitiogu".

"Zorionak egiten duzuen lanagatik"
30 postu eta askotariko diziplinetako berrogei bat sortzaile plazaratu dira gaurkoan; "hasiberriak nahiz ibilbide luzea egin dutenak, sorkuntzatik bizi direnak eta ez direnak, adin tarte ezberdinetakoak..." bildu ditu 2. Kultur Azokak. Haien ispilu izan dira baita, ikusgai jarritakoan egondako aniztasuna ere. "Denetarik izan dugu; musikaz, bertsoez, moda diseinuaz, eskulanez, ilustrazioez, literaturaz, ikus-entzunezkoez, dantzaz, magiaz gozatzeko aukera eman digute".

Balantze ezin gozoagoa egin dute. "Herritarrak sormen prozesuetan murgilduak ikustea zoragarria izan da. Zorionak egiten duzuen lanagatik eta mila-milesker gaurko azokan parte hartu duzuen guztioi".

"Komunitate honen guztiaren parte sentiarazi nahi izan zaituztegu"
Sortzaileak soilik ez, kulturzaleak, ikusleak, herritarrak ere ahotan hartu dituzte Arrobitxulo elkarguneko ordezkariek 2. Kultur Azokaren amaierako ekitaldian. "Azokan zehar, zuk ere parte hartzeko aukera izan duzu herritar. Izan ere, gaurko kultur ekosistema honetara hurbildu zareten guztiok azokaren edo hobe esanda, komunitate honen guztiaren parte sentiarazi nahi izan zaituztegu. Irrintzi kolektiboarekin hasi dugu eguna, postuetan interakzio modu ezberdinak izan ditugu sortzaileekin eta kultur antolatzaileekin. Arrobitonbolan jolasteko aukera izan dugu. Modelo rolean jarri ditugu herritarrak. eta ekitaldi hau amaitzeko kantu bat elkarrekin abestera ere gonbidatu nahi zaituztegu".

Argi utzi duten moduan, "ikuslearekin, kulturzaleekin edo herritarrekin interakzioa bilatu nahi izan dugu, kulturgintzan esperimentatzeko aukera eman nahi izan dizuegu eta guztiok batera elkarrekin ondo pasatzeko tartea sortu nahi izan dugu".

Azoka honen berezitasuna nabarmendu dute segidan; "Usurbilgo komunitatea elikatzea dugu xede hain zuzen, hori da azoka honen berezitasuna. Herri hau zerbait bada, sortzailea eta bizia dela esango genuke eta bizi guztian ureztatzen jarraitu nahi dugu, gero bat eraikitzen gaurdanik".

"Ba al zatozte gurekin bidaia honetan?"
Duela urte batzuk sortutako kantak zioena ekarri du gogora gero, Jon Mikel Azpiazu kultur arloko udal ordezkariak, Arrobitxuloren eraikuntza prozesuaz mintzatzeko. "Elkarlanak fruitua eman behar badu, Usurbilek aterpe berria behar du. Ozen oihukatu genuen duela urte dezente eta hortxe gabiltza Arrobitxulo eraikitzen. Badakigu garai aldakorrak, azkarrak bizi ditugula eta gure gizarte honetan joera indibidualistak gailentzen direla. Usurbilen argi daukagu, kolektiboki eta tokikotik erantzun nahi diogu mundu honi eta herritik eta herriarentzat sortu den proiektu honi bultzada ematea ezinbestekoa ikusi dugu Udaletik. Hortxe gabiltza, adin guztietako eta askotariko usurbildarren bilgune eta elkarlanerako aterpe izan nahi duen ekipamendu komunitario berria eraikitzen. Gazte astialdia garatzeko, sormena bultzatzeko eta euskal kulturaren transmisiorako erreferentziazko gune bizia eta eraikia pixkanaka osatzen bagoaz", jakinarazi du.

Aurrerabidean direla nabarmendu du, herritarrak jomuga izango dituen proiektuaren eraikuntzan. "Arrobitxulok eragileen beharretatik haratago, herritarren beharrei erantzungo dien gune bizia izan nahi du, herritarrak aktibatuko dituen espazioa garai berrietara egokituko dena eta herri ikuspegia izango duen proiektua. Ez gure hizkuntza eta ez gure kulturaren transmisioak ez daude bermatuak eta biak dira ezinbestekoak komunitate eta nazio gisa garatuko bagara. Usurbildik ari gara gure nazioa eraikitzen, euskal herrigintzan eta euskaratik ari gara". Norabide horretan beste urrats gisa definitu du "elkarlanerako topaleku berri hau". Gaineratu duenez, "hor goaz, ilusioz, indartsu eta pauso sendoak emanez. Beraz, ba al zatozte gurekin bidaia honetan? Gora Usurbilgo kultur ekosistema eta gora Arrobitxulo!".