Kultur Azoka

Estilo ezin bikainagoz jantzi dute azoka Maider Alzagak eta Ione Iruretagoienak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 7a

Ikusmin itzela piztu du, igande honetako Arrobitxulo elkargunearen 2. Kultur Azokaren baitan egindako moda desfileak. Ione Iruretagoiena eta Maider Alzaga diseinatzaile herrikideen arropa ederrekin desfilatu du herrikide talde batek.

Sorkuntza gaurko 2. Kultur Azokan desfilatu ere egin dute herriko plazan. Izan ere, ikusmin nabarmena piztu du Arrobitxulo elkarguneak antolaturiko ekimenaren baitan eginiko moda desfileak. Hala izan zen duela urteko estreinako edizioan eta izandako harrera ikusita, esperientzia errepikatzea erabaki dute gaurkoan.

Herrian eginiko moda, herritarren soinean jantzita ikusi ahal izan dugu Dema plazan. Maider Alzaga eta Ione Iruretagoiena diseinatzaileen bilduma bana ezagutarazi digute.

"Gure herriko talentuak aldarrikatzera etorri gara"
"Gaurko saioak badu zerbait magikoa, gaur etxean gaudelako. Gaur, sormena, jasangarritasuna eta euskal diseinuaren indarra ospatzeko bildu gara. Gure herriko talentuak aldarrikatzera etorri gara", adierazi du ekitaldiaren aurkezpen lanak egindako Agurne Alkortak. Hain zuzen, bere esanetan, "gaurko moda diseinatzaileak bertakoak dira; bat usurbildarra, bestea zubietarra. Biak ala biak herrian jaio eta hezitakoak eta gaur haien sustraietara bueltatzen dira, sorkuntza hauek, beren herritarrei eskaintzeko", zehaztu du.

Musikaz girotua izan da desfilea. Hauek ere herrikideak; herri sorkuntza hemen ere. Maialen Azkuek, Beñat Urteagak, Natali Izagirrek eta Antton Aranburuk musikatu dute zuzenean aipatu desfile txalotua.

Bi estilo
Estilo ezberdinetako jantziak aurkeztu dituzte Alzagak eta Iruretagoienak. "Bi emakume, bi estilo baina pasio bera, artisautza eta moda nortasunez janztea", antolatzaileen esanetan. Maider Alzagaren diseinu lanak izan dira desfilatzen lehenak. "Aurten, 18 urte betetzen ditu bere markak, 18 urte diseinatzen, sortzen eta bere bidea egiten, beti ideia berarekin lehian; arropa erosoa, iraunkorra eta eguneroko bizitzarako benetan erabilgarria sortzea". Bere lagun, bezero, senide eta herrikideek maisuki desfilatu dituzte bere jantziak. "Bere zigilua, minimalismo erosoa da, diseinu geometrikoak, lerro garbiak eta egunerokoan zein ekitaldi berezietan erabiltzeko moduko jantzi polifazetikoak aurkeztuko dizkigu. Moltura asimetrikoak eta kalitatezko ehunak dira nagusi, beti ere emakume eta gizon aske, dinamiko eta seguru baten silueta bilatuz".

Ione Iruretagoienak ezkongaientzako diseinuak plazaratu ditu. "Ionek joskintza tradizionalaren eta moda jasangarriaren aldeko apustu sendoa egiten du. Gaur bere arlo magiko eta bereziena ekarriko digu etxera, neurrira egindako ezkongai diseinuak". Antolatzaileek zehaztu dutenez, "Ioneren bildumak detailetxo bakoitzean du sekretua; eskuz egindako brodatuak, ehun ekologikoak eta batez ere, pieza eraldatzaileak. Gonbidatu bakar batek soineko berarekin hainbat itxura ezberdin nola lor ditzakeen erakutsiko digu. Euren bolumenekin eta testurekin jolasten ikusiko dugu pasarela honetan".

Esan eta egin, desfilatzeko artea nabarmen agerian utzi dute baita Iruretagoienaren diseinuekin desfilaturiko herrikideek ere.