Kultur Azoka

Usurbilgo kultur ekosistema osoa plazaratu du gaurko azokak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 7a

Askotariko hamarnaka kultur eragileek eta sortzaileek hartu dute plaza igande honetako 2. Kultur Azokan. Nork bere lanketa erakutsi, partekatu eta sormen prozesuok ezagutu nahiz horietan parte hartzeko aukera izan da, Arrobitxulo elkargunearen ekimenari esker.

Sormenaren eta kulturaren plaza izan ohi da sarritan Usurbilgoa. Aldiz, gutxitan ikusi ahal ditugu, urtean zehar herri hau dinamizatzen aritu ohi diren kulturgileak eta sortzaileak, denak elkarrekin eta plaza bakar eta berean. Arrobitxulo elkarguneak egin du plazaratze lan hori igande honetan, ekainaren 7an, antolaturiko 2. Kultur Azokaren bidez.

Duela lau urte antolatu zuten estreinako edizioa, urte garai honetan. Orduko hartan, egun, sektoreko eragileak bilduak dituen Kulturgunea eraikitzen ari ziren eta haren erakusleihoa izan zen azoka. Ordutik, eragileok Arrobitxulo izeneko elkargunea diseinatzen aritu dira urteotan, gazte mugimenduarekin, aisialdiko eragileekin eta Udalarekin batera.

Testuinguru horretan antolatu dute igande honetako 2. Kultur Azoka. Oraingo honetan, produktuak saldu eta erosteko azoka ere izan den arren, parte harturiko kultur eragileak eta sortzaileak elkarren artean nahiz herrian ezagutarazi eta haien jardunera hurbiltzeko aukera eskaini nahi zuten. Hala, eguerdiko 12:00etan hasita bi orduz, askotariko eragile eta sortzaile herrikideak bisitatzeko aukera izan da.

Askotariko eragile eta sortzaileak
Lauburu Usurbilgo erraldoi eta buruhandien konpartsak iaz berrituriko kareten taldea plazara ekartzeaz gain, haiek marrazteko aukera izan dute gaztetxoenek. Aginaga Eliza Zaharra Elkarguneak ere postu propioa izan du, "autogestiotik herri kooperatibara" izenburupean eseki dituen informazio panelekin. Jexux Artze Kultur Elkarteko kideak txalaparta jotzen entzun ditugu. Oier Agirresarobek azken urteotan Sutegin antolaturiko magia erakustaldia eskaini du. Usurbilgo Euskal Kantu Taldea haien jardunari lotutako hainbat argitalpen mahaiarekin plazaratu da. Zumarte Musika Eskolak askotariko instrumentuak ikusgai jartzeaz gain probatzeko aukera eman dute. Orbeldi dantza taldeak haien jardunaren argazki erakusketa oparoa erakutsi du, hurrengo ikasturterako matrikulazio aldia zabalik duela gogoraraztearekin batera. Kalezarko Belmonte auzo elkartekoek haien tailerretan ondutakoa ere ikusgai jarri dute.

Adibide batzuk baino ez ziren horiek. Izan ere, haiekin batera, musikagintzan, diseinu grafikoan edota ipuingintzan diharduten herriko sortzaileak ere elkartu ditu azoka horrek.

Kulturgileak, sortzaileak batu ditu, baita, noski, kulturzaleak ere. Haien guztien arteko hartuemana saretu eta sendotzeko aukera ederra eskaini du Arrobitxuloren elkarguneak. Usurbilgo kultur sistema osoa plazaratu du azokak.