"Hitzaldi honen bidez, Gipuzkoako elkarteak buru osasunaren inguruko sentsibilizazio eta elkarrizketa guneak sortzen jarraitu nahi du, errekuperazio prozesuen ikuspegi itxaropentsuago eta inklusiboagoa sustatzeko", antolatzaileen esanetan.
Elkar laguntzako agente Mikel Merinok bideratuko duen saioaren helburua, “berdinen arteko laguntzak buru osasunaren errekuperazio-prozesuetan duen balioa azaltzea izango da”, bestela esanda, “antzeko sufrimendu egoerak bizi izan dituzten pertsonen arteko laguntzak izan dezakeen eragin positiboari buruz ariko da”.
Buru osasunaren errekuperazio eredua izango da mintzagai saioan zehar. Izan ere, prozesu horietarako AGIFES elkarteak urteak daramatza elkar laguntzako programak sustatzen. "Horren oinarrian daude itxaropena, pertsonen ahalduntzea eta buruko osasun arazoek eragindako zailtasunetatik harago bizi-proiektu asegarria eraikitzeko aukera. Testuinguru horretan, elkar laguntza balio handiko tresna da, harreman horizontala eta enpatia euskarri baititu", AGIFES-ekoen esanetan.
Aipatu moduan, hitzaldia elkar laguntzako agente batek bideratuko du. "Elkar laguntzako agenteak buru osasunaren arloan esperientzia propioa duten pertsonak dira, eta beren errekuperazio prozesuan aurrera egin ondoren, bizipen hori beste pertsona batzuen zerbitzura jartzen dute, gertutasunean eta konfiantzan oinarritutako laguntza eskaintzeko. Laguntza mota hori tratamendu psikologiko eta psikiatrikoen osagarria da. Agifesek urteak daramatza elkar laguntzako programa sustatzen, eta egiaztatu du balio handia duela pertsona askoren errekuperazio prozesuetan; izan ere, isolamenduari eta autoestigmari aurre egiten laguntzen du, baita autoestimua indartzen eta itxaropena berreskuratzen ere".
Saioa herritar orori zuzendua egongo da. Bertan, “elkar ulertzean, enpatian eta gertutasunean oinarritutako laguntzak pertsonen ongizatean izan dezakeen eragin positiboa azpimarratuko da”.