Usurbilgo jaiak

Herriko festei begirako lehen izen-emateak eta deialdiak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 9a

Uztailaren 1etik 5era ospatuko diren Usurbilgo festei begirako lehen deialdiak heltzen hasiak dira. Zikiro-janerako txartelen salmenta hitzordua zehaztu dute, baita Haurren Eguneko ginkanan eta erronkan izena emateko deialdia ere. Finkatua dago era berean, herriko jaion jendaurreko aurkezpena noiz izango den. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Hiru aste baino ez dira falta, Usurbil bost eguneko festen zurrunbiloan murgiltzeko. Uztailaren 1etik 5era ospatuko dira aurtengo jaiak. Girotzen hasteko lehen deialdien berri jaso dugu jada. Batetik, uztailaren 4an izango den zikiro-janerako erreserbak egiteko hitzordua finkatu dute. Hilaren 19an egingo da txartelen salmenta. Bestalde, aurtengoak dakarkigunaren berri jaso nahi duzuenok adi; azken urteotan egin bezalaxe, hilaren 17an jai batzordeak jendaurrean aurkeztuko ditu herriko festak Mikel Laboa plazan.

Izen-ematea
Azkenik, uztailaren 3an ospatuko da Haurren Eguna. Urtero moduan, guraso talde bat ariko da auzolanean goizetik arratsaldera izango diren ekimenetan. Hitzordu horien artean, 9:45ean udaletxe atariko plazan abiatuko den jaialdiko goiz partean, aurreko urteen antzera, LH1-4koek ginkanan parte hartu ahalko dute eta LH5-DBH2 artekoek erronkan. Ekimenotan aurrez eman beharko da izena, ekainaren 21a baino lehen. Herrian ikasten dutenek ikastetxeetan bertan bideratu ahalko dute izen-ematea. Baina badirenez hainbat gaztetxo Usurbilen bizi arren, herritik kanpo ikasten dutenak, bereziki haiei zuzenduriko izen-emate deialdia plazaratu dute gurasook. Antolatzaileek egun horri begirako pare bat ohar plazaratu dituzte; batetik, “partehartzaile guztiek koadrodun zapia ekarri beharko dute, elkarrekin Haurren Eguneko abestia kantatu ondoren, jolasetan parte hartzeko”. Bestalde, ginkanako parte hartzaileek kolore hauetako kamiseta jantzita agertu beharko dute: LH1ekoek urdina, LH2koek berdea, LH3koek txuria eta LH4koek morea.

Bai ginkanan baita erronkan parte hartuko dutenei aldatzeko arropa ekartzea gomendatzen diete antolatzaileek.

Usurbilgo jaiei begirako datozen deialdiak
Ekainak 17, asteazkena
19:00
Jai batzordearen eskutik, aurtengo festen aurkezpen herrikoia Mikel Laboa plazan.

Ekainak 19, ostirala
19:30
Uztailaren 4ko zikiro-janerako txartelen salmenta Aitzaga elkartean. Prezioa: 30 euro (20 eurotan gazteek eta langabetuek).

Ekainaren 21era arte
Uztailaren 3ko Haurren Eguneko LH1-4koentzako ginkanan eta LH5-DBH2 artekoentzako erronkan izen-ematea: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com