Asteartero egin ohi duen moduan, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak hainbat erabaki hartu ditu; horien artean, 2027ko jaien egutegia onartu du. Guztira hamalau jai egun izango ditu. Horietatik hamabi gaur Eusko Jaurlaritzak erabakitakoak izango dira, beste bat udalerriek erabakitakoa eta azkena, herrialde mailakoa. Herrialde mailako jaiegunari dagokionean, uztailaren 31 hautatu izan ohi da jaiegun gisa.
Udalerriari dagokiona, Usurbilgo udalbatzak hautatu ohi du. Urtero, uztailaren 2a izendatzea proposatzen dute Usurbilgo jaiegun gisa. Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, aurtengoari dagokionean, "hilabeteko epea izango dute proposamenak egiteko, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita".
Eusko Jaurlaritzak astearte honetan, ekainaren 9an, onarturiko hurrengo urteko jaiegunen egutegiari dagokionean, hamabi jaiegun izendatu ditu, honako hauek:
-Urtarrilak 1 (Urteberria).
-Urtarrilak 6 (Errege eguna).
-Martxoak 25 (Ostegun Santua).
-Martxoak 26 (Ostiral Santua).
-Martxoak 29 (Pazko Astelehena).
-Maiatzak 1 (Lanaren Eguna).
-Urriak 7 (Euskadiko lehen Gobernuaren urteurrena).
-Urriak 12 (Jai Nazionala).
-Azaroak 1 (Domu Santu eguna).
-Abenduak 6 (Konstituzio eguna).
-Abenduak 8 (Sortzez garbia).
-Abenduak 25 (Eguberri eguna).
Bistan denez, jaiegun gehienak iazko berak izango dira, erlijio ospakizunei nahiz Espainiako naziotasunari lotutakoak. Baina bada salbuespen bat. Izan ere, hurrengo urteak jaiegun berri bat izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ostegunez egokituko den urriaren 7a. "Euskadiko lehen Gobernua eratu zeneko 90. urteurrena", oroituko da jaiegun horretan. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eginiko proposamena izan da jaiegun berri hori txertatzearena. Astearte honetako Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onespena eman dio berrikuntza horri. Datorren urteko martxoaren 19ko jaieguna ordezkatuko du.