Pediatria zerbitzu duinaren alde Donostia ospitalaren atarian mobilizatzeko deia ostegunean

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 9a

Usurbilgo anbulatorioan pediatria zerbitzu duina izateko iaztik auzolanean dabilen  herritar taldeak elkarretaratzea deitu du ostegunerako, ekainaren 11rako, arratsaldeko 18:00etan Donostia ospitalaren atarian.

"Mobilizazio honetan aldarrikatuko dugu pediatria zerbitzu duin bat ez dela pribilegio bat, gure seme-alaben oinarrizko eskubidea dela eta horren alde borrokan jarraituko dugula", adierazi dute ohar bidez deitzaileek. Nola ez, Usurbilgo herritarrak elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte baina ez soilik haiek, "inguruko herrietako herritarrei dei egiten diegu gurekin batera mobilizatzeko, argi dugulako egoera hau ez dela Usurbilgo anbulatorioko arazo isolatua, osasun sistema publiko osoari eragiten dion arazoa baizik".

Elkarretaratzea deitu dute, gaurkoz, "gure herriko pediatria zerbitzuaren egoerak konponbiderik gabe jarraitzen duelako. Aldi berean, egoeraren larritasuna ikusita eta orain arte ohiko bide administratiboetatik jasotako erantzun eza dela eta, Arartekora joko dugu". Gogoan izan, ekainaren 5era arte udal instalakuntza hainbatetan Arartekoari helaraziko dioten gutuna eskuragarri jarri zuten atxikimendua adierazteko, aipatu eskutitza hala egiten zuten guztien izenean bidaltzeko.

Urtebeteko galera
Osteguneko elkarretaratzearen nahiz Arartekoari helaraztekoak diren gutun horren aurretik, ekimen gehiago ere bideratu ditu Usurbilgo anbulatorioan pediatria zerbitzu duina bermatzeko borrokan ari den herritar taldeak. Ohar bidez gogorarazi nahi izan dute, gai honek urtebete pasatxo honetan izandako ibilbidea.

Iazko apirilean etenda geratu zen pediatria zerbitzua. Ordutik, "irailera arte gurasook jaso genuen erantzun bakarra honakoa izan zen: ez zegoela pediatrarik eta ez zirela jakitun zerbitzua noiz berrezarriko zen. Ondorioz, hilabete horietan guztietan eta uda amaitu arte, gure haurrak Lasarte-Oriako anbulatoriora bideratu zituzten".

Leku aldaketa horrek, era berean, hainbat kalte eragin zituen, honako hauek hain zuzen: Usurbilgo guraso taldetik gogorarazi moduan, batetik, "gaixotasun kronikoak dituzten edo etengabeko jarraipen medikua behar duten haurren arreta zerbitzua oztopatuta egotea"; horrekin batera, "Lasarte-Oriako Osasun Zentroko gainkargaren ondorioz, oinarrizko zerbitzuak ukatzea; hala nola, 6 hilabetetik gorako haurren errebisioak, hauen garapenean eta osasun arazoen prebentzioa oztopatuz"; hirugarrenik, "Usurbilgo pediatraren, ikastetxeen eta gizarte zerbitzuen arteko elkarlan jarraia eta estua oztopatuz, arreta goiztiarra eta bestelako behar fisio-psikologikoak dituzten haurrak behar bezala artatuak izateko zailtasunak"; azkenik, "zenbait kasutan, Lasarte-Oriako Osasun Zentroan pediatra erdaldunak artatzen ditu gure herriko haurrak, eta kontuan izanik gure herriaren izaera euskalduna, funtsezkoa den paziente-mediku komunikazioa zailtasunez bete da, kalitatezko, gertuko eta arta eraginkorra oztopatuz".

Zenbakitan, "2025eko apirilaren 1etik urtebeteko epean haurrak artatzeko eta diagnostikatzeko prestakuntza duen profesional baten presentzia 98 lanegunetan bakarrik bermatu da. Hau da, urteko 261 lanegunetatik %37an, eta ez beti jardun osoan. Zerbitzurik eskaini ez den egunetan eman zaigun alternatiba Lasarte-Oriako anbulatorioan artatuak izatea edo larrialdi zerbitzuetara joatea izan da".

Testuinguru horretan, iazko iraila amaieran udalbatzak eginiko osoko bilkuran, gai honi lotutako mozioa aurkeztu zen, gehiengo osoz onartua izan zena, "gure seme-alabentzat pediatria zerbitzu duina bermatzeko udalaren esku hartzea ofizialki eskatzeko". Egun haietan, mozioa aurkeztear zirela jakinarazi eta gutxira, "kasualitatea hala ez, hurrengo egunetan, pediatria zerbitzua berriro martxan jarri zuten, eguneko 3 ordu eta erdira mugatuta. Honek, benetako konponbidea izatetik urrun, zerbitzuaren murrizketa egoera egonkortu zuen".

"Ez dugu arazoari benetako irtenbidea emango dion erantzunik jaso"
Egun, oraindik ez dago bermatua pediatria zerbitzu duina Usurbilgo anbulatorioan. Guraso taldetik gogorarazi bezala, "Usurbilen 0-14 urte arteko 663 haurrek pediatria zerbitzua erabiltzeko eskubidea duten arren, gaur egun, hilabete bakoitzeko azken astean oraindik ez dakigu hurrengo hilabetean pediatra zerbitzurik izango dugun, eta are gutxiago zerbitzu hori noiz emango zaigun". Bistan denez, "zerbitzuak ezegonkorra izaten jarraitzen du beraz; profesionalen faltak, dagoen profesional gutxi horien errotazio handiak eta antolaketa arazoek zuzenean eragiten die gure seme-alabek jasotzen duten arretari".

Aipaturiko mozioaz gain, ehunka kexa aurkeztu dituzte herrikide gisa Osakidetzan, baina "oraindik ere ez dugu arazoari benetako irtenbidea emango dion erantzunik jaso". Testuinguru horretan deitu dute ekainaren 11ko mobilizazioa edota bidali asmo diote gutuna Arartekoari.