
Aurkeztu dute zalantza izpirik gabe, bertsolaritza munduan ikusmin handiena piztu ohi duen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Lau urtean behin jokatu ohi den lehiaketa irailaren 19an Hazparnen abiatu eta abenduaren 20an amaituko da, Iruñeako Nafarroa Arenako final handiarekin. Edizio honen xehetasunak astearte honetan, ekainaren 9an aurkeztu dituzte Bertsozale Elkarteko herrialdeetako ordezkariek Bilbon.
Besteak beste, jada parte hartzaileen zerrenda plazaratu dute; bai bertsolariena, gai-jartzaileena eta epaileena. Ikusi ahal izan dugunez, lehiatuko diren 50 bertsolarien artean Asier Azpiroz Iztueta zubietarra izango da eta epaile gisa jardungo dutenen artean, Jurgi Fuentes Goikoetxea "mungiar usurbildartua".
Agurainen lehen saioa
Txapelketaren lehen fasea zazpi saioz osatua egongo da, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan jokatuko dena, irailaren 19an hasi eta urriaren 11ra arte. Finalaurrekoen fasea etorriko da gero; urriaren 24tik abenduaren 5era. Azkenik, aipaturiko final nagusia, abenduaren 20an Iruñean izango da. Zortzi bertsolari lehiatuko dira Iruñeako final nagusian. Aurreko edizioko irabazle Maialen Lujanbio Zugastik du ziurtatua plaza bakarra. Gainerako zazpi lehiakideak nortzuk izango diren udazkenean erabakiko da.
Dagoeneko bertsolari parte hartzaileek lehen fasean noiz eta non parte hartuko duten zehaztu du Bertsozale Elkarteak. Asier Azpiroz Iztuetak urriaren 11n Agurainen (17:00etan Lezao kirolgunean) izango du txapelketa honetako lehen hitzordua. Saio berean lehiakide izango ditu Agin Laburu Rezola, Aissa Intxausti Aburruza, Gorka Pagonabarraga Agorria, Irantzu Idoate Funosas eta Nerea Elustondo Plazaola. Irati Martinez Izaga ariko da gai-jartzaile lanetan.
Aurtengo edizioak nobedaderik badakar. Izan ere, 2022koarekin alderatuta, "sei bertsolari gehiago ditu aurtengo aldiak: Arabako bi, Nafarroako bi eta Xilabako bi. Hori horrela, saio bat gehitu zaio txapelketari, eta, lehen fasean, sei saioren ordez zazpi izango dira. Zazpi saio horiek Euskal Herriko zazpi probintziatan jokatuko dira".
Saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an jarriko dituzte salgai bertsosarrerak.eus atarian. "Bertsozale Elkartearen bazkide direnek finalerako sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra", ohartarazi dute antolatzaileek. "Horrez gain, txapelketa osoko bonoa erosteko aukera eta saio guztietarako beherapena ere izango dute".
Bertsozale Elkarteak lehiaketa garaiaren "unea baliatu nahi du Elkarteak mapan kokatzeko bertsoa, kultura eta euskara. Izan ere, kultura eta euskara ito nahi duten honetan, hitza giltza eta euskara funtsa dituzten diziplinak arnasgune eta arnasaldi direla azpimarratu da".
Informazio gehiago bertsozale.eus atarian jaso ahalko duzue.