Herriz herri hedatutako parte hartze prozesutik, hurrengo lau urteotarako bide-orria diseinatu nahi izan du Ernaik, "askapen mugimenduko gazte antolakunde bezala, nolakoa izan beharko lukeen" definitzeko. Bide horretan, jakinarazi dutenez, hizpide izan dute egungo testuinguru soziopolitikoa, "gatazken ondorioen konponbidetik, hegemonia lehiatzen ari garen une honetan, ezker independentismoan gorakada ematen ari dela eta nazio bulkada bultzatu nahia" hartu dute ahotan edota militantzia eredua bera ere bai. Azken gai horri dagokionean, "zer nolako Ernai, antolaketa eredua behar dugun gaur egungo fase honi lotuta, benetan erantzuteko behar dugun nazio bulkada horri".
Urtebeteko lanketaren ostean, bi konpromiso nagusietan berretsi da Ernai; "Euskal Herriarekiko dugun konpromiso horretan nazio askapen mugimenduan eragiteko eta bestetik, gazteekiko dugun konpromisoan. Gazte antolakundea garen heinean, gazteen beharrak erdigunean jarri nahi ditugu", abiapuntua argi izanda; "Ernai dela gazte askapen prozesura batu eta balio independentistetan gazteok politizatuko dituen eragile bakarra". Misio hori gaurkotu dutela jakinarazi du Ernaik.
"Garaiak borroka eskatzen du"
Horretarako zer nolako gazte antolakundea izan hausnartu dute. "Ernaien izaera definitzen dugu zentratu eta zabal gisan. Zentratua, nazio auzia erdigunean kokatzeko gai garelako eta zabala, kezka eta arazo guztiak politizatzeko aurkitu behar dutelako gazteek etxe hau beraiena". Bilgune horretatik kezka, behar eta nahi guztientzako konponbidea nazio burujabetza dela berretsi du Ernaik. "Bulkada bat behar du Euskal Herriak, oraintxe baliabideak baditugulako horretarako. Amesten dugun Euskal Herria feminista, sozialista eta euskaldun horren bidean, norberak bere eremutik bere alea jarrita denok gara gai antolakundea osatzeko".
Aterabidea eraikitzeko lan partekatu horretan, "geu gara alternatiba, gazte oro". Hortik dator abiarazi duten kanpainaren aldarria; "garaiak borroka eskatzen du" izenekoa. Gazteek bizi duten testuinguruari keinua egiten dio. Izan ere, "testuinguru zapuztu batean bizi gara gazteok. Etorkizuna arrotza eta iluna irudikatzen dugu eta honen aurrean, Ernaik gazteontzako etxea izan behar duela aldarrikatzen dugu, babesa, indarra eta espazio bat aurkitu behar duelako gazte orok eta espektatiba gabezia horren aurrean, eskaintza erreal eta integral bat eskaintzen duelako antolakundeak".
"Gazteok gara alternatiba"
Ernaik "Euskal Herria askatzera eraman nahi" duen gazte antolakundea izan nahi du. Horretarako, eragilea bera hedatu nahi dute baita Usurbilen ere. Azken urtean, Buruntzaldeako Independentzia Eguna egin, ehun bat gazte (aspaldiko parte hartze handiena) Topagunera joan edota Sagardo Eguneko karpagune jendetsua antolatu ostean, "nahi diogu egin Usurbilgo gazte orori deia, hainbat espazioetan parte hartzeko bakoitzak bere aukera eta konpromisoetatik. Garrantzitsua da denon artean gorpuztea borroka hau". Usurbilgo Ernaitik diotenez, "garaiak borroka eskatzen du. Usurbilen prest gaude bulkada hori emateko. Gazteok gara alternatiba" eta horretara batzera deitu dute; "Usurbilen Ernai gara eta Ernai gaude".