Usurbilgo Udalak 2014ko urrian onarturiko herri bideen inbentarioa eguneratzea hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez maiatzaren 28ko osoko bilkuran. Izan ere, aurreko hamarkadatik "hainbat aldaketa eta gertaera jazo dira herri bideekin, baina ez da inbentarioaren berariazko eguneraketarik egin. Eguneraketa hau bideratzeko, nekazaritza eta ingurumen teknikariak herri bideen inbentario eguneratua prestatu du".
Bederatzi aldaketa txertatu dituzte. Zubieta, Aginaga, Kalezar inguruetakoak dira proposaturiko aldaketak. Hasierako onarpen hori orain jendaurrean jarriko dute. Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak, asteazken honetako, ekainaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. 30 eguneko alegazio epealdia irekiko dute bihartik, hilaren 11tik aurrera. Jendaurreko epealdi horretan alegaziorik aurkeztuko ez balitz, inbentario eguneratua behin betiko onartutzat joko du Udalak.