LANEKI elkartearekin lankidetzan dabiltza Buruntzaldeko udalak, lan-mundua euskalduntzen

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 10a

Lanbide Heziketarako materiala euskalduntzen lankidetzan dihardute LANEKI elkarteak eta Buruntzaldeko udalak.

Lanbide Heziketa eta lan-mundua euskalduntzen elkarlanean dihardute LANEKI elkarteak eta Buruntzaldeko udalak. Udalotatik gogorarazi dutenez, "duela hainbat hamarkada euskarazko ikasmateriala sortzen hasi ziren Lanbide Heziketako (LH) irakasle-taldeak, eta 2003an, LANEKI elkartea sortu zen, ahalegin guztiak batzeko asmoz. Orduz geroztik, euskarazko materiala itzultzen, prestatzen, eguneratzen eta eskura jartzen aritu da LANEKI; bi hamarkadotan ekarpen nabarmena egin dio, bai, Lanbide Heziketako euskararen normalizazioari, bai lan-munduari".

Ahalegin horretara batu ziren gero, Beterri Buruntzako udalak. "Eskualdean 10 ikastetxek eskaintzen dute Lanbide Heziketa, eta guztira 60 ziklo baino gehiago egiteko aukera dago. Horrez gain, 1. eta 2. mailetako ikasleak lantokietara ere joan ohi dira ikastera; bada, azken urteetan, ikasleek euskaraz egin dute egonaldia eskualdeko 353 lantokitan".

Lan-ildoak
Zenbait lan-esparruetan eragiten dihardute. Batetik, "lanbide-familia guztientzako euskarazko materialak sortzen dira, eta, gaur egun, 1.260 material baino gehiago daude sarean, jakinbai.eus webgunean partekatuta. Buruntzaldeko udalekin lankidetzan, urtero 2 material sortzen dira; adibidez, azken urteotan esanguratsuak izan dira Elektrizitatea eta elektronika, Informatika eta Komunikazioa eta Irudia eta Soinua".

Bestalde, "Jakinbai.eus webgunean Hiztegia atala ere bada, eta lanbide-familia guztietako terminologia dago. Guztira, 12.791 kontzeptu biltzen ditu; horiek adierazteko euskarazko kontzeptuak 13.823 dira, eta gaztelaniazkoak, 13.178. Hiztegia edonork kontsulta dezake, erabiltzaile gisa sartuta".

Azkenik, "Lanbide Heziketa Duala euskaraz komunitateari dagokionez, baliabideak eskaintzen zaizkie lhdualaeuskaraz.eus web-atarian komunitatea osatzen duten erakundeei, lantokiei, ikastetxeei eta ikasleei. Baliabide azpimarragarrienak honakoak dira: lantokientzako autodiagnostikorako galdetegia, LH Duala euskaraz marka, LH Duala euskaraz eskuliburua eta infografiak, praktika onen bideoak…".

Emankortzat jo dute eskualdeko udalek LANEKI elkartekoekin bideratzen ari diren lankidetza. "Horren isla da jakinbai.eus web-atariak 14.000 erabiltzaile baino gehiago izatea. Eta datozen urteetan, Lanbide Heziketa eta arlo sozioekonomikoa euskaraz bultzatzen segituko dute bi aldeek, lan euskaraz egiteko aukerak ugaritze aldera".