GHK-ren tarifa-sistema berria, tasa justuagorantz urratsa Udalarentzat

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 10a

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko batzarrak PSE-EE, EAJ eta EHBilduren arteko adostasunez 2026rako tarifa-sistema berria onartu du. Sortzez besteko printzipioa indartuko du modu berriak. Tasa justuago bateranzko bidean, aurrerapausotzat jo du Usurbilgo Udalak.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) batzarrak "tarifa-sistemaren konfigurazio berria" onetsi du astearte honetan, urte honetan bertan indarrean jarri asmo dutena. Erakundean ordezkaritza duten PSE-EE, EAJ eta EHBilduren arteko akordioari esker onartu da aipatu erabakia, "hainbat hilabetez lan teknikoa eta instituzionala egin ondoren".

Aurrerapausotzat jo du GHK-k hiru eragile politikoon arteko adostasunez onarturiko neurri berria. Izan ere, "proposamen berriak aurrerapen nabarmena ekarriko du Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko sistemaren finantzaketa-ereduaren bilakaeran, errefusaren eta biohondakinaren arteko tarifa bereizia ezarri baitu, hondakin-fluxu bakoitzerako kostu espezifikoen bidez".

Hala, sorreraren araberako ordainketa-printzipioa sendotuko du batzarrak hartutako erabakiak, "eskualde bakoitzak benetan sortzen dituen hondakinen arabera ordaindu dezan". Horrekin batera, "mankomunitate guztien artean sistemari modu orekatuan eusten zaiola bermatzea" sustatu nahi dute.

Tarifen bereizketa
Tarifa sistema berriak hiru elementuok osatuko dute: "mankomunitate bakoitzeko biztanleriari lotutako zati finko bat, sistemaren egiturazko kostuak finantzatzeko; tarifa espezifiko bat, errefusarentzat; eta tarifa bereizi bat, biohondakinarentzat".

Sistema berriak orain arteko "tarifa bakarraren gainean aplikatutako hobarien indarreko eredua" ordezkatuko du. Honenbestez, aurrerantzean, "errefusaren tona bakoitzak tratamenduaren benetako kostua ordainduko du; biohondakinak, berriz, gainerako tarifaren % 43aren baliokidea den tarifa espezifikoa izango du, eta, horrela, jatorrian bereiztearen eta gaikako bilketaren pizgarria indartuko dira".

Zenbakitan, "2026rako, errefusaren tarifa 231 eurokoa izango da tona bakoitzeko, eta biohondakinaren tarifa 99 eurokoa tona bakoitzeko". Tarifa bereizketa horrekin, "zerbitzuaren kostua zuzenean lotzen du mankomunitate bakoitzaren ingurumen-portaerarekin. Sistema berriak hondakin organikoak behar bezala bereiztea saritzen du, gaikako bilketa sustatzen du eta lurraldeko ingurumen-helburuak betetzen laguntzen du". Izan ere, "tarifen konfigurazio berriak hondakinen lurralde-plangintzan jasotako helburuak indartzen ditu, eta herritarrek gaikako bereizketan egindako ahalegina aitortzen duen, materia organikoaren bilketa bultzatzen duen eta epe luzera sistemaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzen duen eredu bat finkatzen du".

"Sistema berria tasa justuago baten norabidean emandako pausoa da"
Erabaki hau baloratu dutenen artean da Usurbilgo Udala. Ohar bidez, GHK-k hartutako erabakia txalotu du. "Tarifa sistema berriak hondakinen tratamenduaren tasa justuagoa ezarriko du, udalak hainbat urtetan aldarrikatu bezala: neurria bera eta hori lortzeko ahalegina txalotu ditu Usurbilgo Udalak".

Kontsortziotik azaldu bezalaxe, "proposamen berriak aurrerapen nabarmena ekarriko du Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko sistemaren finantzaketa-ereduan, errefusaren eta biohondakinaren arteko tarifa bereizia ezarri baitu, gai bakoitzerako kostu espezifikoak ezarrita. Bi printzipio indartu nahi izan dira tarifa sistema berriarekin: mankomunitate guztien artean sistemari modu orekatuan eutsiko zaiola bermatzea, eta sorreraren araberako ordainketa-printzipioa indartzea".

Usurbili dagokionean, Udaletik iragarri dutenez, "aurrerantzean, hondakinen tratamenduaren kostua merkeagoa izango da Usurbilentzat. Iaz, 207.000 euro inguru ordaindu zizkion udalak GHKri hondakinen tratamenduagatik: tarifa sistema berriarekin, 49.400 euro gutxiago ordaindu beharko lituzke, hau da, %19,27 merkatuko litzateke kopuru hori. 2025ean, hondakinen kudeaketak 219.000 euroko defizita izan zuen: aldaketarekin, defizit hori murriztu egingo da".

Orain arte indarrean izandako tarifa-sistemak, Udaletik gogorarazi dutenez, "Usurbil zuzenean kaltetzen zuen, usurbildarrek hondakinak gaika biltzeko egiten zuten ahalegina ez zelako tarifa sisteman islatzen (biohondakinaren tratamenduagatik 178 €/tn ordaintzen zen)". Horrez gain, "errefusaren prezioari hobari bat aplikatzen zitzaion organikoaren prezioa kalkulatzeko: hobari hori gaikako bilketaren ehunekoaren arabera kalkulatzen zen, baina ez herri bakoitzaren emaitzen arabera, mankomunitate osoaren emaitzen arabera baizik. Usurbilen kasuan, Sanmarko mankomunitateko herri guztiena (Donostia, Errenteria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Lasarte-Oria, Urnieta, Hernani eta Usurbil) hartzen zen kontuan. Usurbilek %85 inguruko gaikako bilketa du, baina mankomunitateak 2024an, esaterako, %49a zuen. Oraindik ere hobetzeko tartea egon badagoen arren, sistema berria tasa justuago baten norabidean emandako pausoa da".