"Heriotzaren aurrean hobetu kokatu gaitezke... gutxienekoa jakinez gero" izeneko saioarekin abiarazi zuten apirilaren 15ean, "Komunitatetik, heriotzaz" jarduteko urte amaierara arteko solasaldi zikloa Udalak eta harekin lankidetzan jardundako hainbat eragileek; tartean, lehen hitzaldi hura gidaturiko Hil Arte Bizi Elkarteak.
Maiatzaren 7an, “heriotzak gaztetasuna kolpatzen duenean: agur kolektiboak eta komunitatearen babesa”, horixe izan zuten hizpide kultur-etxeko auditorioan, gertuko lagun edo senide bat galdutako herrikide talde batek, Bidegin elkarteko ordezkari Izaskun Andonegik zuzenduriko saioan.
Ostegun honetako, ekainaren 11ko Iñurri elkartekoen hitzorduaren aurretik, zaintza paliatiboen gaia ekarri zuen Sutegira, Matia fundazioaren baitan, zaintza aringarrietan psikologoa den Nerea Manterolak, "zaintza paliatiboak: bizitzari azken arnasaraino laguntzen" izeneko saioaren baitan hain zuzen.
"Hobeto gerturatzeko"
Beste ezer baino lehen, gaia kokatzerakoan argitu nahi izan zuenez, zaintza aringarriak ez daude soilik heriotzari estuki lotuak, bizitzaren azken etapari baita ere. Baina salbuespenik gabe, denok biziko dugun heriotzaren aurreko etapa hori isiltzeagatik eta isiltze horren atzean egon daitekeen beldurra tarteko, "zaintza aringarriak atzeratu egiten dira", zioen Manterolak.
Alegia, bestela esanda, "beldurrok argituta", era berean jabetuko ginateke, zaintza aringarriak ez direla soilik pertsona bat "hiltzen laguntzeko". Horretan sakondu zuen garrantzitsutzat jotako solasaldian. Izan ere, "hemen egiten ari zareten lana oso garrantzitsua da", azpimarratu zuen. Heriotzaren gaia ertz ezberdinetatik aztertzen ari den solasaldi zikloaz ari zen. "Oso garrantzitsua da hitzaldi ziklo hau antolatzea, sentsibilizazioa garatzeko eta "hobeto gerturatzeko, egoera horietan direnengana". Hitzaldi ziklotik haratago, gaineratu zuenez, "zorte handia duzue Usurbilen, duzuen zaintza kulturarengatik".
"Bidea arintzeko zaintza"
Zaintza paliatiboak zer diren, helburuak argitu zituen, hainbat "mito" deseraikitzen laguntzearekin batera. "Bidea arintzeko zaintza" gisa definitu zituen zaintza aringarriak. Oso argi utzi zuen baita, "zaintza aringarriak ez dira luxua, kapritxoa, oinarrizko eskubideak dira", erakunde guztiek kontuan hartu beharrekoak. Horien beharrean direnen "duintasuna bermatu behar da, sufrimendua arindu, autonomia eta babesa eskaini".
Geure heriotza propioari hitza jartzea "oraindik asko kostatzen" dela adierazi zuen eta horren arriskuez ohartarazi nahi izan zien kultur-etxeko auditoriora joandakoei. Argi zioenez, geure azken txanparen bizi-kalitatea okertu dezake horrek. Adibide gisa jarri zituen prozesu hori "bakardadean bizitzea, gauza oso garrantzitsuetaz berandu hitz egitea, denbora edo aukera faltagatik".
Aldiz, zaintza aringarriak prozesu horren bidelagun gisa aurkeztu zituen Manterolak. Izan ere, geure bizitzaren amaiera nola irudikatzen dugun galdetuta, ziurtatu zuenez, "muinean ados egongo ginateke"; besteak beste, "etxean, goxo, lasai, lagunduta, profesional onekin", egin nahiko genukeela hil aurreko azken txanpa. Hain zuzen, zainketa aringarriak horretara bideratuak daudela azaldu zuen, "ahalik eta goxoen bukatzera gure egunak". Lekuari dagokionean, zioenez, "ez dago toki onena, esperientzia hoberena bilatzen dugu".
"Pertsonaren duintasuna zaintzea"
Manterolak azaldu moduan, "laguntza aktibo eta integralak" dira zaintza aringarriak eta aukera eskaintza zabala ematen dituztenak hil arteko bide hori, ahalik eta bizi-kalitate onenarekin jorratzeko. Hori hala izateko bi gako azpimarratu zituen; batetik, "ikuspegi integraletik jo behar da", eta, bigarrenik, "gaixo dagoena erdigunean" jarri behar da, ingurukoez ahaztu gabe. Izan ere, "familia zainduta, gaixoa babestuagoa" egongo da.
Zaintza aringarrion helburua argia da; sufrimendurik gabeko egoerarik ez dela existitzen argi utzita, "sufrimendu hori ahalik eta txikiena izatea laguntzea" eta bide horretan, "pertsonaren duintasuna zaintzea". Zainketa hori bermatzeko, gaixo dagoenak bizitza ulertzeko duen modua ezagutu eta errespetatzea ezinbestekotzat jo zuen.
"Erdigunean pertsona"
Zertarako galdetzeaz gain, noiz, zaintza aringarrien onuradun noiz izan gaitezkeen ere argitzen lagundu zuen, horren inguruan eraikitako usteak deseraikitzen laguntzeko. Izan ere, ez dira sedatzen gaituzten unerako, edo bizitzako "azken-azken unerako" baliagarriak soilik. Garai batean bai, "hiltzera nator" esaten zuen batek baino gehiagok zaintza aringarrietara igarotzean. "Pertsona abandonatua sentitzen zen, sendatzeko aukera guztiak agortu ostean. Prozesu asko bakardadetik bizitzen ziren, sufrimendua ez zen azaleratzen".
Eredu oso paternalistatik gatozela oroitarazi zuen; "gaixo zegoenak izan ezik" gainerakoek erabakitzen zuten, izan senideek edo sendagileek. Aldiz, "erdigunean pertsona" jarri eta erabakitzeko eskubidea berarengan jartzearen beharrezkotasunaz mintzatu zen. Horretarako, ordea, "pertsonaren balioak, lehentasunak" ezagutu behar dira, "bere gaitasun eta zailtasunak. Komunikazioa bere beharretara egokitu behar da. Ondo komunikatuta, ulertua sentituko da". Bere eskubideez informatuak egotearen beharra ere gaineratu zuen.
"Geroz eta lehenago hasi hobeto"
Errealitate hori aldatzeko beharraz mintzatu zen Manterola. "Gaixotasuna zailtzen doan neurrian, une egokia da zaintza aringarriak sartzeko". Izan ere, hil hurren egoteraino itxaron gabe, "pertsonaren beldurrak, zalantzak, etorkizunari begirako antsietatea, aurretiazko borondateen dokumentuan, etorkizunaz lasai erabakitzen lagundu" diezaiokete zaintza aringarriek heriotzera gerturatzen ari denari nahiz bere ingurukoei. Hartara, "dolura lasaiago iritsiko gara".
"Gaixotasun larri kroniko aurreratuan" egonda jaso daitezke zaintza aringarriok. Halere, beti "aurretiazko lana oso garrantzitsua" dela nabarmendu zuen, "zaintzak planifikatzeko". Beraz, noiz hasi hori guztia prestatzen? Argi erantzun zuen Matia fundazioko langileak; "geroz eta lehenago hasi hobeto, hartara, hain helburu garrantzitsuak diren duintasuna eta bizi-kalitatea hobeto zaintzeko".
Heriotz "ona", "pentsatutakoa eta partekatua"
Zaintza horiek integralak izan behar dutela defendatu zuen; behar emozional, sozial, fisiko eta abarri erantzungo diena; "arreta olistikoa izan behar da", Manterolaren esanetan. "Pertsona bere osotasunean" zaintzea dute xede. Hartara, heriotz "on" batera heltzeko. Berarentzat heriotz "on" hori, aldez aurretik "pentsatutakoa eta partekatua" dena da. "Autonomia, komunikazioa eta erabaki partekatuak", aldarri horrekin definitu zuen heriotz "on" baterako bidea.
Amaiera horri buruz hitz egin zuen baita, hil aurreko azken uneaz. Sedazioaz, eutanasiaz. Bi kontzeptu, "ezberdinak direnak baina ez daudenak elkarren aurka", baina bere esanetan, hainbat alditan nahasten direnak. Sedazioak "kontzientzia murrizten du, sufrimendua kontrolatzeko". Eta hor, tartean, hiltzera doanaren borondatea gakotzat jo zuen. "Ezin dugu epaitu eskatzen diguna, bere borondateari erantzun behar zaio, beti legearen barruan". Horretarako, "egoera ondo ulertu eta informazio egokia izatea" garrantzitsutzat jo zuen.