"Komunitatetik, heriotzaz"

"Espazio hauek beharrezkoak dira. Zaindu behar gara"

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 11

Heriotzaren gaia ertz ezberdinetatik jorratzeko Udalak eragile gehiagorekin antolaturiko "komunitatetik, heriotzaz" zikloaren baitan, "heriotzak gaztetasuna kolpatzen duenean" hizpide hartuta aritu ziren maiatzaren 7an solasean Sutegin. 

Hainbat herrikideren lekukotzak entzun ahal izan ziren, Bidegin elkarteko Izaskun Andonegik bideraturiko saioan. "Espazio hauek beharrezkoak dira. Zaindu behar gara", nabarmendu zuen. Estreinakoz, halako gai bati buruz herritarrak plaza publikoan hitza hartzen ikusi eta entzun genituen. Andonegik ekitaldi hasieran, Sutegi goraino bete zuten herritarrek bizi zezaketena "eraldatzailea" izan zitekeela nabarmendu zuen; bizitakoa sentitu eta sentitutakoa baimentzera gonbidatu zuen. Nabarmena izan zen hitzaldian zehar, nahiz amaieran, heriotzaren tabuari zer nolako arrakala egin zitzaion.


Askotariko bizipenak

Maite dituzten hildakoen senide eta lagunak bildu zituen ekitaldiko oholtzak. Norberak bere lekukotza eskaini zuen. Eneko Eizagirreri 19 urte zituela hil zitzaion aita. Suizidioaren errealitatea ekarri zuen Sutegira. Ingurukoen laguntza ezinbestekotzat jo zuen, hasieran ulertezina zitzaiona barneratzen joateko. "Konturatu nintzen, epaitu gabe ulertu behar nuela aita", azaldu zuen. Unai Lejardiri istripuz hil zitzaion anaia Julen 2023. urtean. Hilabete igaro zen ezbeharretik bere heriotzera. "Etxeko egitura erori zen bapatean. Nik ondo egon nahi nuen, gurasoek ikusteko ondo nengoela", oroitu zuen. Biek aipatu zuten une haietan komunitateak izandako rol gakoa, "herrian sentitutako ulerkortasuna, laguntzeko gogoa, hurbiltasuna". 

Mendian istripuz zendu zitzaion laguna 2024ko abuztuan Mikel Lizarragari. Hiru lagun joan ziren eta bi hil ziren ezbehar hartan. "Emozioen zurrunbilo modukoa" esperimentatu zuela ekarri zuen gogora Sutegiko solasaldian. Esperientzia hartatik hainbat hausnarketa plazaratu zituen. Batetik, zendutako lagunarekin bizitako "hil aurreko esperientziek beste balio bat dute orain", zioen; bestetik, "ondoan daudenei balio gehiago emateko" eta heriotza bizitzaren parte dela onartzeko esperientzion garrantzia azpimarratu zuen. 

Gaixotasun bat tarteko, Amagoia laguna zendu zitzaienetik hamar urte bete berriak ziren Lur Etxeberriak eta Izaro Aizpuruak hitza hartu zutenean. Atzera bueltarik gabeko prozesuan zela jakinarazi ostetik hilabetera hil zen. "Esperientzia gogorra izan zen", Lurren esanetan. Asko eskertu zuen Amagoiak erakutsitako eskuzabaltasuna. Zendu aurretik, "naturaltasunez hitz egin zigun heriotzaz. Lasaitasunarekin eta bakearekin lotzen zuen". Amagoia zendu eta lau urtera minbizia diagnostikatu zioten Anderri, Izaroren bikotelagunari. Bi urteko prozesuaren ondotik hil zen. Heriotza hura bereziki, bi seme gaztetxorekin amatasunetik egokitu zitzaion bizitzea. Gaixotasun prozesua izanik, Izaroren esanetan, kasuotan, prestatzen joateko "denbora abantaila da, baina bidea luze egiten da". Esperientzia honek balio izan dio argi ikusteko, "prozesu guztiak direla balekoak, bakoitzak ahal duena egiten du". Ezinbestekoa den laguntzaren beharra nabarmendu zuen, gertukoena eta baita profesionalena ere. Hor sortzen da sarritan zailtasuna, doluan dena lagundu nahi baina ezin jakin nola. Izan ere, prozesu horietan, Andonegik oroitarazi moduan, "inork bizi nahi ez duena islatzen ari gara". Horregatik, nabarmendu zuten ze beharrezkoa den gertatzen ari zaigunari hitza jartzea. Aizpuruak gogorarazi moduan, "komunitate gisa egin dezakegun lanketa bat da".

"Ulertua sentitzea" 
Dolu prozesu horretan lagungarriak izan ohi dira agur kolektiboak. Sutegin hitza hartu zutenek halakoen garrantziaz ohartarazi zuten. Unai Lejardik anaiaren kuadrillak antolaturiko agur ekitaldia ekarri zuen gogora. Egun horri beldurra bazion ere, "zoriontsu bukatu nuen, eskertua. Zoragarria izan zen". Argi oroitzen du nola anaia erdigunean jartzeak "zer nolako maitasuna piztu zuen". Eizagirrek "mundu errealera itzultzen hasteko lehen pauso" gisa definitu zuen, une horretan berak bizitakoa; aita hil ostean, "ulertua sentitzea". Errituek eskainitako laguntza nabarmendu zuen Lizarragak. "Indibidualki bizi dena kolektibizatzen laguntzen du", zioen. Norbere beharretatik hitz egiten jakiteak duen garrantzia nabarmendu zuen.

Agur kolektiboek, besteak beste, heriotzaren presentzialtasunean duten eragina ere mintzagai izan zuten. Izarok oroitzen du nola semeetako batengan, ahazteko beldurra azaleratu zen. Falta denari presentzia ematea gakotzat jo zuten. Izan ere, Bidegin elkarteko ordezkariak azaldu moduan, "norbait maitatzea posible da ezagutu gabe, jasotako bizipenei esker". Horretarako, ordea, presentzia, lekua eman eta hitza jarri behar zaio, bestela, "isiltasunean bihurtu eta desagerpena dator".

Hori hala dela ziurtatu zuten hizlariek. Anaiak uzitako eraginagatik oso eskertua agertu zen Lejardi. "Lotura sendoagoa dut orain, bera bertan nuenean baino". Bide horretan garrantzitsutzat jo zuen "dolua arintzeko hitza jartzea" eta norbere erritmoa errespetatzea. Horrekin batera, "eman lekua emozioei", galdegin zuen Eizagirrek eta behar izanez gero, "laguntza eskatu", gaineratu zuen. Izan ere, entzundakoekin nabarmen hunkituak ziren Sutegiko ikus-entzuleei zuzenduz adierazi zien, "pentsa zuetako bakoitza gabe, jende askok sufrituko luke". Horretarako, kultur-etxeko auditorioan sortutako bezalako espazioen garrantzia nabarmendu zuten eta halako eremu gehiago sortu eta hedatu beharra zegoela adierazi ere bai.

Dolu nahiz gaixotasun larrien prozesuetan direnak laguntzen dihardu Bidegin elkarteak. Bilgune horren lana aitortu nahi izan zion Eizagirrek haren sustatzaile Izaskun Andonegiri. Berak halako espazioetan "asko ikasten dut" nabarmendu zuen. Aurrerapausoak emateko deia egin zuen. "Has gaitezke nahi ez dugun pauso hori ematetik". Hortxe utzi zigun gonbita.

Sutegira joandakoek ere hitza hartzeko aukera izan zuten. Hunkituta, belaunaldi helduagoko herrikide batek zioen, "gure belaunaldia non gauden, zuek non zaudeten, ikaragarrizko prozesua eginda". Beste herrikide batek miresmena adierazteaz gain, zaurgarritasuna plaza publikora ekartzeagatik esker ona helarazi zien hizlariei. "Maitasun handia jaso dut", nabarmendu zuen.