Zer moduz zaude, Amaia?
Egunaren arabera izaten da. Batzuetan, eguraldi onegia denean, ufa, larritu egiten naiz. Eta beste batzuetan, eguraldia kaskarra izaten denean –gaur bezala–, egun horietan ere larritu egiten naiz. Hiru egunetik bi txarrak izaten dira niretzat.
Tratamenduan, hortaz.
Diabetesa dut aspaldi. Bihotzekoak ere eman zidan eta hori ere betirako da. Badakizu zer dudan? Adina. Horrek esplikatzen du dena. 2019ra arte lanean aritu nintzen, etenik gabe. Orduantxe tokatu zitzaidan jubilatzea, eta ez dakit berez etorri zen edo, baina denetatik izan nuen jubilatu ondoren. Harrezkero, egun on-onak ez ditut.
Idazteko tarte gutxi izango duzu orduan.
Tartea? Tartea daukat dena. Ez daukat gogorik! Denbora jada nirea da, inori ez diot konturik eman beharrik, baina ez nekien hau gerta zitekeenik. Alperkeriaren kontra borrokatu izan dut beti, eta orain erabat alpertuta nago. Egun batzuetan ilusionatzen naiz, ideia bat etortzen zait eta hasten naiz, zertxobait egiten dut baina hurrengo egunean kitto, ez dator.
Esan diguzunez, larritu egiten zara tarteka. Usurbilgo Kantu Taldeak omenaldi bat prestatu du larunbat honetarako. Bertaratzeko moduan izango zara ala zaila ikusten al duzu?
Oso zaila egiten zait. Batetik, ez dakit nola izango naizen datorren larunbatean. Eta bestetik, ez daramat ondo beste norbaiten menpe egotea. Baina gustura egongo nintzateke bertan, zirrikitu batetik begira, jendearen erantzuna ikusiz... Usurbilera eta zenbait tokietara gustura joango nintzateke, jendearekin hitz egiteko batez ere. Eta benetan ezagutu nahi banaute, horretarako aukera izan dezaten. Dagoen denboran, noski. Dena den, Arantxari-eta esan nien (Kantu Taldekoei), gustatuko litzaidakeela bertan izatea. Hona etorri zirenean, oso gustura egon ginen, baina duela urte batzuk, nire indarrak ahitzen ari zirela ikusi nuenean, erretiratzea erabaki nuen. Baztertzea erabaki nuen, goxo-goxo, nire gauzetan sartu eta listo. Nik jendea maite dut eta hemen ere, bizi naizen herrian ere bada beste modu bateko jendea, baditut lagun batzuk. Ez asko, ez hemen ez inon, baina ditudanak asko maite ditut.
Usurbildik halako gorazarre bat jasotzeak zer suposatu du zuretzat?
Kantu Taldeko Arantxari esan nion moduan, nik egin ditudan gauza denak izan dira tajuz ebakiak. Ezer galdetu gabe, niri behintzat inork ezer galdetu gabe. Niretzat sorpresa handia izan zen jendeari hainbeste inporta izatea nire jarrera, nire ibilbidea. Segidan konturatu nintzen inpaktua nolakoa izan zen. Zubieta txikia da, Usurbil ere bai, eta toki guztietan gertatzen zen zerbait. Baina gauza onak ere bai. Eta milaka gauza polit egin ditugu, eta horrekin geratzen naiz. Bestea oso mingarria egiten zait, eta esplikatzen hastea ere, ez dut argi ikusten. Badirudi esplikazioak eman beharrean nagoela eta ez da hori. Beharra akaso badut, baina horiek nire arazo psikologikoak dira, nire istorioak nire buruarekin.
Larunbat honetako kantu-jiran, zure kantak ekarriko dituzte gogora. Liburuxka bat ere prestatu dute, larunbateko omenaldirako propio egina.
Ni erretxina naiz eta gauzak ondo puntualizatzea gustatzen zait. Omenaldi bat izango da. Ez dakit zergatik izango den, asko maiteko naute baina 40 urtetan ez ditut horren bermeak eduki. Alderdi horietatik ez da inor niregana hurbildu, ez naute telefonoz deitu... Hala ere, Euskadi txikia izan arren, toki askotan egon naiz eta zorte handia izan dut horretan. Horrekin beste guztia tapatzen da, baina nire herriak ez nau sekula deitu. Eta orain, Kantu Taldearen aitzakiarekin, ondo, arrazoi polita da, baina pen-tsatzen dut seguraski ez dela nik pentsatzen nuen bezala izango. Nire kantak zeintzuk kontsideratzen diren eta zeintzuk ez... Zer egingo zaio. Nik kanta asko eginak ditut eta horiekin ibili naiz azken urteetan, nire kantu-jira partikularrean. Horiek salbatu nahi izan ditut. Azken urteetan ere jendea etortzen zen, baina konturatzen naiz kanta popularrekin hasi nintzela, denonak ziren kantuekin. Kantari guztiak horrela hasi ginen, horiek iturri izan ditugulako. Eta gure etxean gutxien kantatzen zuenak ere bazekizkien kanta horiek. Eta ondo dago. Ez diot horri uko egiten. Oso ondo sentitzen naiz horrela ere.
Euskal Kantagintza Berria hastapenetan zela, orduantxe hasi zinen zu ere kantari. Eta garai hartan, kanta tradizionalak abesteko joera handia zen.
Guk garai hura ezagutu genuen, eta oso gogorra izan zen alde horretatik. Euskaraz eta euskararekin zihoan guztiaz arnegatu arazi ziguten. Asko kostatu zitzaigun hori bizitzea eta horri buelta ematea. Gure borondatez izan zen, konturatu ginelako etxean bertan altxor handi bat genuela. Eta hori kentzen eta kentzen aritu ziren urteetan eta urteetan zehar. Garai hartan, “elegante” ibiltzea erdaraz abestea zen. Ideia hori gainetik kentzea eta ideia horri buelta ematea kosta egin zitzaigun baina uste dut gure belaunaldia ere igualtsu ibili dela, ahal zena egiten. Horrek ere sortuko zigun beste egarri klase bat, gure sentimenduak adierazteko hortik edatea, eta horrela hasi ginen. Esan eta sentitu nahi horrek eta euskaraz atera behar horrek ekarri zigun izugarrizko adimen aberatsa, eta hori kolektiboki ere esan daiteke. Baina handik gutxira, konturatu ginen etapa hori balekoa izan zela eta dagoeneko etapa hori osatua genuela. Beste aro bat zetorkigula, askoz interesgarriagoa, baina zailagoa ere bai. Jendeak kanta ezagunenak hartzen ditu ordea, eta horiekin geratu dira.
Zuk bakarka plazaratutako diskoak ere badituzu, zuk zeuk idatzitako kantekin. Horretaz ari zara, ezta?
Pentsa, 50 urteko ibilbide luzea osatu duzu, eta 40 bat kantu idatzi dituzu, baina ez dira hain ezagunak. Ezagunagoak dira kanta herrikoiak zirenak. Eta horiek ere maite ditut, ez naiz damutzen. Baina nahiko nuke beste kanta horiek ere gogoan izatea.
Zu hasi zinenean, oholtza gainean euskaraz plazaratzea ez zen erraza izango. Emakume bat izanik, are zailagoa.
Zaila ez, ezinezkoa zen! Baina egin egiten genuen, gaiztakeria bat egiten den moduan. Ez genuen ezer esaten etxean, baina egunkarian aipamenik edo ateratzen bazen, eta gurasoek egunkarian irakurtzen bazuten, eskandaluak eta masailekoak debalde genituen. Ezkutuan bezala egiten ziren, baina gero agerian geratzen ziren. Ni 16 urterekin hasi nintzen eta gero denbora luzez zigortuta egon nintzen. Gogoan dut, lehiaketetan-eta hasi nintzenean, Bellas Artes-ekoan eta beste konkurtsoetan, Benito Lertxundi ere han izaten zela, eta orduantxe ezagutu genuen elkar. Dena erdaraz egin behar izaten zen baina berak kanten artean euskarazkoak tartekatzen zituen. Erdaraz hasten zen eta segidan, gelditu gabe, hasten zen euskaraz abesten. Abesti bat edo bi euskaraz abesten zituen, segidan eta lotuta. Eta horrek ikaragarri markatu ninduen.
Geroztik hona, gauza batzuk behintzat aldatu dira, ezta?
Orain ikusten den loraldia ikaragarria da eta maila handia dago. Pozik nago horrekin eta beraiek akaso ez dute jakingo, baina asko maite ditut denak.