Beroagatik abisu horian asteburuan

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 12a

Muturreko tenperatura oso altuei lotutako abisu horia indarrean izango da larunbat eta igande honetan, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Laino artetik uda giroa datorkigu bueltan egunotan. Beroa tarteko, abisu horia izango da indarrean larunbat eta igande honetan, ekainaren 13an eta 14an hurrenez hurren. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko, iragarri dute abisu hori hori, 13:00-20:00 artean, bai larunbatean eta baita igandean ere. 30-34 gradu arterainoko tenperatura izan dezakegu bi arratsalde horietan.

Bezpera honetan, ostiralean, ekainaren 12an Usurbilen, Euskalmet-ek iragarri duenez, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goizaldean eta goizean goiz tarteka hodeitsu, eta gainontzeko orduetan goi-hodei batzuekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eguerdi partean ipar-ekialdetik finkatuko da, tarte biziekin. Tenperatura maximoak igo egingo da".

Giro eguzkitsua izango da asteburu osoan ere. Larunbatean, hilaren 13an, "goizean lanbroa eta lainoa agertuko dira. Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeiren batekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, eta goizean eta egunaren amaieran hego/hego-ekialdekoa nagusituko da eta arratsaldean eki/ipar-ekialdekoa, tarte biziekin. Tenperatura igo egingo da: gutxi edo nahikoa minimoak eta nabarmen maximoak".

Azkenik, igandean, hilaren 14an, "goiz-lanbroa. Zerua erdi mailako hodeien eta goi-hodeien tarteekin egongo da, arratsalde-gau partean bero-hodeiak garatuko dira. Hego/hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, egunaren lehenengo partean bolada gogorrekin; goizean brisa sartuko du. Gauean ipar-mendebaldera aldatuko da, egunaren amaieran bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoak nabarmen igoko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko da.