"Komunitatetik. Heriotzaz" hitzaldi-zikloaren laugarren hitzaldia izan zen pasa den ekainaren 11an Sutegin. Oraingoan, Iñurriko kideak izan ziren protagonista, eta zuzeneko podcast batean heriotzaz eta minbiziaz hitz egin zuten. Horretarako, lau protagonista izan ziren oholtza gainean: Eider Casanova, Eli Bergaretxe, Ana Jimenez eta Beñat Iraola.
Lauek heriotza gertutik bizi dute. Casanovak minbizia izan zuen, Bergaretxek eta Jimenezek metastasia dute eta Iraolak ama galdu zuen minbiziagatik.
Casanovak egin zituen moderatzaile lanak, eta hasieran aitortu zuenez, "heriotzaz hitz egotea gure bizitzaz hitz egitea da". Izan ere, podcastak heriotza "tabu" izatetik ez izatera bihurtzea nahi zuen. Lauek aitortu zuten inguruak haiekin heriotzaz hitz egitea ekiditen duela, eta, oro har, gizartean ez dela heriotzaz hitz egiten.
Bergaretxek eta Jimenezek haien esperientzia kontatu zuten. Bergaretxeren kasuan, diagnostikoa jakitean hau izan zen burura etorri zitzaion lehenengo galdea: "Nire izeba bezala hilko naiz?". Hain zuzen ere, haren izebagatik darama Eli izena, hura minbiziaz hil baitzen. Gainera, biei adin berarekin diagnostikatu zieten minbizia. Bergaretxek onartu zuen Iñurriri esker lortu duela heriotzaz naturaltasunez hitz egitea, inguruek ez dutelako harekin minbiziaz hitz egin nahi.
Jimenezi, aldiz, hurrengo galdera etorri zitzaion burura: "Nire alabak nitaz ahaztuko dira?". Bi alaben ama da Jimenez, eta lehenago gehien gorrotatzen zuena ere, orain ezinbestekotzat jotzen du: alabekin parkean denbora pasatzea. Dena den, Iraolaren hitzek asko lasaitu zuten Jimenez.
Iraolak ama galdu zuen, eta semearen ikuspuntutik hitz egin zuen. Bere kasuan, amak diagnostikoa jaso zuenetik bi hilabete bizi zituen. Iraolarentzat "traumatikoa" izan zela onartu zuen, eta gaur egun ere, oraindik eguneroko gauzetan amaz oroitzen dela aitortu zuen.
Saioa amaitu aurretik, gerturatutakoei eskaini zieten hitzak, eta ikusleek eskerrak eman zizkieten parte hartzaileei heriotzaz hitz egiteko zuten erraztasunagatik.
Hurrengo "Komunitatetik.Heriotzaz" hitzaldi zikloaren hurrengo saioa irailaren 22an izango da Sutegin Ainhoa Aldazabalen eskutik.