Atea ireki orduko ikusminak hartu du Sutegiko erakustaretoa. Usurbil F.T.-ren 50 urteotako bizipenak berritzeko aukera eskainiko du gaurtik bi astez, kultur-etxean egokitutako irudien eta hitzen bildumak. Adi egon dira gaurko inaugurazio ekitaldira joandakoak, argazkietan ageri direnei begira. Izan ere, hainbat belaunaldietako aurpegi ezagunekin egingo duzue topo erakusketan sartzen bazarete.
Antolatzaileek jakinarazi moduan, hamarkadaka antolatua dago gunea. Denboran zehar, Usurbil F.T.-ren ibilbidean zehar, bidaia ederra egiteko aukera izango da hilaren 28ra arte, testu eta irudi hainbatez lagunduak. Ordura arte, arratsaldeetan izango duzue zabalik, 18:00-20:00 artean, "izan gaitezke, ni, zu, hura edo beste edozein. Baina UFT-ko egiten gaituena elkarri eustea da" aldarripean.
Bazkarirako izen-ematea
Ez da izango asteotarako antolaturiko hitzordu bakarra; futbolari beteranoen arteko neurketak antolatu dituzte ekainaren 20an, edota egun osoko jaialdia hilaren 27an.
Ekainaren 27ko jaialdiari dagokionean hain zuzen, besteak beste, egungo nahiz hamarkada hauetako guztietako kideak elkartu nahi ditu Usurbil Futbol Taldeak bazkari baten bueltan. Otordu hori, hilaren 27an izango da aipatu moduan, 14:30etan Agerialdeko frontoian. Gogoan izango duzue, maiatzaren 3ra arte aurre izen-emateko aukera izan zutela hala nahi zutenek bazkari horretarako. Eman beharreko ezinbesteko urratsa zen, gerora zabaldu asmo zuten izen-emate ofizialean lehentasuna izateko. Izena emateko epealdi ofizial hori zabalik dagoela jakinarazi du orain Usurbil F.T.-k, ekainaren 18ra arte.
Futbol taldeen bilguneak tramitazio hori bideratzeko galdetegi bat eseki du haien sare sozialetan, esteka honetan duzuen hauxe hain zuzen: Usurbil F.T.-ren 50. urtemugako bazkaria
"Aurre izen-ematea betetakoek lehentasuna dute galdetegi ofizial hau betetzeko", ohartarazi dute Usurbil F.T.-tik. Aurre izen-emate hartan zehaztutako txartel kopurua aldatzeko aukera izango dela jakinarazi dute. Aurrez izena emandakoekin aurreikusitako lekua erabat beteko ez balitz, "galdetegi hau zabalduko dugu aurrerago eserlekuak bete arte", argitu dute antolatzaileek.
Hilaren 27ko bazkariaz gain, egun berean ekintza gehiago izango direla aurreratu dute Usurbil F.T.-tik. "Ekainaren 27an Usurbil F.T.-ren 50. urteurrena dela eta egun handia antolatu dugu goizetik hasi eta gaueraino".
Galdetegia betetzeko zailtasunak izan nahiz argibide gehiago jasotzeko usurbil.uft@gmail.com helbidera idatzi ahalko da.