Usurbil F.T.-k 50 urte

Omenaldiez eta eskertzaz jositako 50. urtemugako erakusketa ireki du Usurbil F.T.-k

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 12a

Usurbil F.T-ren bost hamarkadako ibilbidea ahalbidetu dutenak eskertuz eta omenduz ireki du futbol taldeen bilguneak ostiral honetan, ekainaren 12an, betetako 50 urteen harira Sutegin irekitako erakusketa.

50 urte betetako Usurbil F.T.-ri lotutako Sutegiko erakusketa ireki aurretik, kultur-etxeko atariko plazatxoan ekitaldia egin dute antolatzaileek. Beste ezer baino lehen, eskertza helarazi nahi izan diete klubaren sortzaileei, bilguneak 1976tik gaur arte bidelagun izandako guztiei.

Erakusketari zegokionean, Usurbil F.T.-ko zuzendaritzatik, iragarri moduan, "argazkiak ez ezik, oroitzapenak, emozioak eta klubaren historia bizitakoa ere biltzen dituen erakusketa inauguratuko dugu. Jarraian ikusiko dugun irudi bakoitzak, une bat, ahalegin bat, garaipen bat, porrot bat, ospakizun bat, edo amets partekatu bat irudikatzen du". 

Horiek guztiak eragindakoak, bost hamarkada hauetan auzolanean aritutako guztiak izan dira. Izan ere, "50 urte ez dira egun batetik batera eraikitzen. Jokalarien belaunaldien, entrenatzaileen, zuzendarien, bazkideen, familien eta zaleen dedikazioaren emaitza dira, klub hau honaino iristea ahalbidetu dutenak. Horiei esker, kirol erakunde gisa ez ezik, familia handi gisa ere hezi gara, kolore eta balio berberekin elkartuta".

"Gure historiako orrialde garrantzitsuenak oraindik idazteke"
Bidaia bat proposatzen du Sutegiko erakusketak. "Erakusketa hau mende erdiko historian zeharreko bidaia da. Ibilbide honek gure jatorria gogoratzea, une ahaztezinak berpiztea eta klubean arrastoa utzi duten pertsona guztiei omenaldia egitea ahalbidetuko digu". Halere, ez da iraganari begira dagoen erakusketa soilik. "Aldi berean, etorkizunari ilusioz begiratzeko aukera bat da, jakitun baikara, gure historiako orrialde garrantzitsuenak oraindik idazteke daudela".

Erakusketan ikusgai jarritako irudi bildumak "nondik datozen gogoratzen, lortutako guztia baloratzen eta elkarrekin lan egiten" lagunduko dietela eman dute aditzera, "gure klubak urte askotan hazten jarrai dezan. Eskerrik asko guztioi gurekin egoteagatik!".

"Argazkietan agertzen ez diren horiei omenaldi bat"
Futbol taldeen bilgunearen baitan, erakusketa hau antolatzeko lantaldeak hartu du segidan hitza. "Dakizuen bezala, urteurrena urtean zehar ospatzeko hainbat ekintza burutu dira" eta horien baitan, "hasieratik proposatu zenean erakusketa bat egitea laukote bat bildu ginen, gure kariño guztiarekin aurrera ateratzeko".

Sustatzaileon esanetan, "erabili nahi izan dugu erakusketa hau, bai protagonista izandako eta batez ere, kluba aurrera ateratzeko ardura hartu duten guztien omenaldi gisa, haiek gabe hemen ez ginatekeelako egongo 50 urte ospatzen. Beraz, eskerrik asko!".

Hamarkadaka egituratu dute erakusketa. Material bilketarekin ekin zieten prestaketa lanei. "Hasierako argazkiak kosta zaizkigu biltzea, bukaerakoak ez hainbeste". Gogora ekarri dute, jokalariak soilik agertzen zirela garai batean irudietan, futbol klubeko gainerako kideak ezkutuan geratzen zirela. Haiei eskaini nahi izan diete 50 urteotako gorazarrea. "Argazkietan agertzen ez diren horiei omenaldi bat" egitea nahi dute.

Musikatua
Usurbil F.T.-ren hamarkada hauetako jarduna Haranen garatu da nagusiki. Eremu hura, ordea, futbolarien elkargunea izateaz gain, herrigintzaren ispilu izan da, musikarien kabia baita. Horixe irudikatu nahi izan dute baita ere, gaurko Sutegiko erakusketaren irekiera ekitaldian. Eremu hartan, Usurbil F.T.-ren bueltan dabiltzan futbolariez osaturiko Ostikada taldeak zenbait abesti eskaini ditu, hitzordua musikatzeko.