6. Uxue Trail

405 lagun, belaunaldiarteko Uxue paseo solidarioan

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 14a

405 lagun batu ditu igande honetako, ekainaren 14ko 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioko Uxue Paseoak. Belaunaldiarteko topaketa izan da, Uxue berak gurasoekin hasiera eman diona. Goizeko 10:00etan plazatik abiatu direneko irudi bilduma duzue segidan.

Lagunartean, bikoteka, norbere kontutik, familia giroan, txakurra bidelagun zuela... Nahieran esku hartu dute igande honetako, ekainaren 14ko 6. Uxue Trail Mendi Lasterketa Solidarioko paseoan irtendakoak. Goizeko 10:00etan abiatu dira Dema plaza paretik. Bakoitza bere erritmoan, Santueneara jo dute eta handik San Estebanerako aldapan gora joan dira gero, erribera aldera jaitsi eta herri erdigunera itzultzeko.

Paseoa, noski, solidarioa izan da, Uxue Trail Mendi Lasterketaren helburu nagusia baita, Uxue Martin herrikideak duen gaixotasun arraroa ezagutarazi eta haren ikerketarako laguntza biltzea. Horregatik, haietako asko eta asko ikusi ditugu, soinean ekimenaren kamiseta berde deigarriak jantzita.

Abiatu bezala, lasai ederrean itzuli dira helmugara. Mendi lasterketan parte hartzetik zetozenekin bat egin dute haietako batek baino gehiagok, frontoiko probaren amaieran. Lasterka nahiz oinez, elkartasunak irabazi du beste behin, igande honetan.

Irudiok argi utzi dute baita, halako ekimen batean parte hartzeko bide ezberdinak eskainita, halako deialdiek izan ohi duten harrera jendetsua. Bestela parte hartuko ez luketen hainbat herrikideek izan dute aktiboki elkartasun deialdi honekin bat egiteko aukera.