"Hil Arte Bizi!" uda giroko jaia ospatu du Iñurrik

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 14a

Liburu eta bilduma berriaren aurkezpenarekin, mural margoketarekin edota jan-edanaz zein musikaz giroturiko "Hil Arte Bizi!" jaia ospatu du Iñurri elkarteak igande honetan, ekainaren 14an Artzabalgo frontoian.

Udaberri jaia zuten iragarria, baina erabat udatiarra izan da Iñurri elkarteak igande honetan, ekainaren 14an Artzabalgo frontoian antolaturiko "Hil Arte Bizi!" ospakizuna. Askotariko osagaiak izan ditu, itzala preziatu asko bilakarazi duen hitzorduak.

Arratsalde pasari, Iñurri elkarteak Askatasuna plaza ondoan duen egoitzan ekin diote, iñurrietako baten liburu aurkezpenarekin. Segidan, Artzabalgo frontoira lekuz aldatu dute ospakizuna. Ordurako, haurrei zuzenduriko tailer eta jolasak abiaraziak zituzten. Tartean, sorkuntzarako tartea izan dute. Paperezko loreak hautatu, koloreztatu eta tribuaren loratzea irudikatu nahi izan dute.

Sorkuntzaz ari garela, herri honek dituen horma-irudien sarera batu da berri bat; oraingo hau, albiste honi atxikitako irudietan ikus dezakezuen moduan, Artzabalgo frontoian kokatua egongo da, bizitzari gorazarre ederra egingo diona, "hil arte bizi" iñurrien mugimenduak ezagun egindako aldarriarekin. Egunotan margotu eta ospakizun honetan findu dituzte azken xehetasunak.

Eskertza
Hitzordua, gainera, arrakastatsua suertatu den bilduma berria plazaratzeko baliatu du Iñurrik. Salerosketak etengabekoak izan dira, mugimendu nabarmena eragin du Iñurriren postu solidarioak. Horrez gain, ez da falta izan musikarik ezta jan-edanik ere. Ospakizuna Esanezin taldeak musikatu du. "Kantuekin zer egin, non egin nahi dugun", garrantzitsutzat jo dute. Horregatik, "gaurkoa bada, benetan gure kantuekin zapaldu nahi dugun espazio horietako bat. Ilusio handia egiten digu hemen egoteak".

Musikaz gozatzeaz gain, pizza jan ederra egiteko aukera izan da, Ktxokoek eginikoak hain zuzen. "Pizza jana izatea ez da kasualitatea", argitu dute antolatzaileek Artzabalgo frontoiko oholtza gainetik. Ospakizunera gonbidatu nahi izan dituzte. Izan ere, gogorarazi dutenez, "haiek etorri ziren ideia batekin; pizza solidario batekin. Pizza carbonara sortu zuten. Gaur, hemen, dastatzeko aukera izango duzue". Eginiko ekarpenagatik publikoki eta bertaraturikoen txalo artean eskerrak helarazi dizkiete Iñurriko kideek.