Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, nabarmentzeko moduko ekarpena egiten segitzen duen "Goazen Kalera" dinamika martxan da berriz urte hasieratik. Udalak eragile gehiagorekin lankidetzan, abiarazitako ibilaldiek segida izango dute astearte honetan, ekainaren 16an, oraingo honetan, herri erdigunean barrena. Hurrengoak, uda osokoak ere hala izango dira. Gogoan izan, asteartero egin ohi dira paseo horiek, 10:30-12:00 artean. Aurrerantzean egingo direnak paseo motzak izango dira, eta amaieran kafetxoa hartzeko aukera izango da lagunartean.
Abuztura arte
Ibilaldi osasuntsuon egutegia kaleratu zuten urte hasieran antolatzaileek eta bada nobedaderik. Izan ere, abuztura arte luzatuko da aurten. “Udan ohikoa izaten da hainbat zerbitzu itxi edo etetea, ordutegiak aldatzea, denden ordutegiak murriztea, herria hustea... eta horrek adinekoengan sortzen duen bakardadea arintzeko eskaintza egin zen. Zaintza ekosistemaren barruko zerbitzuen lantaldeak eskaintza berri bat egitea proposatu zuen: ordura arte ez bezala, Artzabalgo Eguneko Arreta zerbitzua abuztuan ere eskaintzeaz gain, astean behin, paseo motz bat eman eta kafe baten bueltan tertulian aritzea proposatu zuten: harrera beroa izan zuen, 35 bat herritarrek parte hartu baitzuten saio horietan. Hala, ekimenaren balorazio positiboa eginda, aurten ere errepikatzea erabaki da, eta, ikaslerik gabe bada ere, udako asteroko hitzorduak ezarrita daude, dagoeneko, egutegian”.
Elkarren arteko zaintza
Herri osoari zuzendurikoak dira ibilaldi hauek. Edonork parte har dezake, doan, aurrez izena eman beharrik izan gabe.
“Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak”, antolatzaileen esanetan.
Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko da:
Gizarte zerbitzuen egoitza: Kale Nagusia, 43
943 371 951
Egutegia
Ordua: 10:30-12:00.
Abiapuntua/helmuga: tokian tokiko frontoia.
Oharrak:
-Ekainaren 16tik aurrera, paseo motzak. Kafea, Artzabalen.
Ekaina
16: herri erdigunean, ikasle gabe.
23: herri erdigunean. Ekintza berezia.
30: herri erdigunean.
Uztaila
7, 14, 21, 28: herri erdigunean.
Abuztua
4, 11, 18, 25: herri erdigunean.
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 43
943 371 951