Greba eta mobilizazio astea osasungintza publikoan

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 15a

Batetik, medikuen bosgarren greba astea izango dute honako hau. Bestalde, Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek abiarazia duten mobilizazio zikloaren baitan, ostegunerako elkarretaratzea deitu dute.

Greba eta mobilizazio astea izango da honako hau ere osasungintza publikoan. Batetik, Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek hilabete hasieran abiarazitako mobilizazio zikloaren baitan, ostegun honetan, ekainaren 18an, elkarretaratzea antolatu dute arratsaldeko 17:30etan Lasarte-Oriako anbulatorio atarian. Ohartarazia dutenez, "Etengabeko Arreta Guneak medikurik gabe edukitzeak arriskuan jartzen du herritarren osasuna eta ekitatea hausten du, "zerbitzuetara iristeko zailtasunagatik eta gehiegi kargatzen ditu ospitaleko larrialdiak". 

Haiek bildutako datuen arabera, "Donostialdeko ESIko EAGen egoera katastrofikoa, hau da, Donostialdeko Erakunde Integratuko Etengabeko Arreta Guneen egoera katastrofikoa; datu bat ematearren, 2024ko txanden %36,4an medikuen falta izan zen".

Osakidetzaren buruei hitzetatik ekintzetarako jauzia egitea falta zaiela adierazia dute aipatu herri plataformek. "Osakidetzako buruan konponduko da hitzak onak izan arren, errealitatea oso burugogorra da, eta justu kontrakoa erakusten digu: aseguru pribatuen kontratazioa gora egiten ari da, osasun-zerbitzu publikoen narriadura progresiboaren ondorioz; era horretan, osasun-zerbitzuetarako sarbidean ekitatea hausten ari da, desberdintasunean sakonduz".

Donostialdeako ESIaren arduradunarekin biltzeko eskaria formalki erregistratu zuten apirilaren 21ean, osasun publikoak bizi duen egoeraren aurrean konponbideez hitz egiteko; "Donostialdeko Etengabeko Arretako Guneek (EAG), medikuen etengabeko gabezien ondorioz, aspalditik jasaten duten egoera larria jorratu nahi da". Gaurkoz ez dute erantzunik jaso.





Medikuen greba astea
Bestalde, medikuek "estatutu mediko eta fakultatibo baten alde" otsailean abiarazitako hileroko greba asteetan iragarritako bosgarrena izango dute honako hau. Greba aste horren baitan hainbat mobilizazio deitu dituzte; tartean, hilaren 19an, 11:00etan Donostia ospitalaren atarian. Hauek dira, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak ezagutzera emandako aldarrikapen nagusiak:

  • A+: Sailkapenaren goreneko talderako sarbidea medikuentzat eta goi-mailako tituludunentzat gorde behar da, bakoitzaren eginkizunaren eta bere jardun-eremuan eskatzen den erantzukizunaren arabera.
  • Derrigorrezko Lanaldi Osagarria pixkanaka kentzea: Lanaldi arruntetik (35 ordu) kanpo lan egindako denbora orok BORONDATEZKOA eta sustatua izan behar du, ordainsari egokiarekin eta bidezko konpentsazio-atsedenekin. Horretarako, datozen 3 urteetan pixkanaka ezabatzea proposatzen dugu.
  • Guardiak: Lanaldi arruntaren eta apartekoaren batura ezin izango da 17 ordutik gorakoa izan, etenik gabe. Lokalizatutakoak lan egindako denboratzat hartu behar dira ondorio guztietarako (atsedenaldiak, konpentsazioak…).
  • Txandaka lan egiten duten medikuen nekagarritasuna, osasunerako arriskua eta uztartzeko zailtasuna (gauekoak, jaiegunak) aintzat hartzea.
  • Gure lanbidearen arriskua kontuan hartzea, Gizarte Segurantzako araubide berezi batean sartzeko.
  • Ordezkaritza: Negoziazio-eremu propioa Estatuko instantziatik autonomikora, gure berezitasuna dela eta, Medikuen eta Fakultatiboen Mahai Sektorial bat eratuz, berari dagozkion gaietan Negoziazio Mahai Orokorretik INDEPENDENTEA
  • LEPak: Oro har, merezimendu-lehiaketa bidez egingo dira.
  • Erretiroa: Aldez aurretik eskuratzeko aukera, erosahalmen galdu gabe, arrisku-jarduerak aitortuta eta aparteko lanaldiaren % 100 zenbatuta.
  • Aparteko ordainsariak: Hileko soldata ez ezik, hirurtekoak eta osagarri guztiak ere jaso behar dituzte.
  • Irakaskuntzako osagarria, BAMEak prestatzeaz arduratzen diren fakultatiboentzat.
  • Lanbide Garapena: Jarduera profesional osoa aintzatestea, BAME prestakuntzako urteak barne.
  • BAME guardiak: Egoiliarraren borondatezko akordiorik ezean, ezingo dira hilean 4 baino gehiago izan, eta horietako bat baino ezin da izan larunbata, igandea edo jaieguna. Ordu arruntaren ordainsariaren % 150 jasoko du gutxienez.
  • BAME ordezkaritza: Autonomia-erkidego bakoitzean BAME Enpresa Batzorde bat sortzea, lau urtean behin hauteskundeen bidez aukeratutako egoiliarrez osatua.