'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian' liburua aurkeztuko dute gaur

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 16a

3 hitzaurre, 15 adituren ekarpena, 100 ilustrazio, 116 espezie, 235 zuhaitz eta arbola aparten mapa, 1.096 argazki eta 5.000 hitzeko hiztegia. 'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian' liburua tematika honi buruz egin den libururik osatuena da eta astearte honetan aurkeztuko da, ekainaren 16an, arratsaldeko 18:30etan Sutegin. "Euskal Herriak zuhaitzekin eta zuhaitz espezie bakoitzarekin duen harremana jasotzen du liburuak: zuhaitzen identifikazioa, ezaugarriak, beharrak, zaintza, erabilera, historia eta istorioak, esanahiak, bitxikeriak... Jakoba Errekondok, Markel Arriolabengoak, Iñaki Etxebestek eta Dani Blancok testuak eta argazkiak uztartu dituzte Argia aldizkariarekin argitaratutako liburuan. Usurbilgo Udalaren babesletza du". Egileak gaurko aurkezpenean izango dira.

'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian' liburuak 550 orrialde eta hari mutur asko ditu. Nola definitu, ezin asmatu nabil. Hiztegiak dio “entziklopedia giza jakintzaren bilduma bat” dela. Zuhaitzen, arbolen eta basoen inguruko entziklopedia bat da akaso?
Bai, ados nago. Liburu honen sorrera hortik dator, hain justu. Euskaldunon kultura hain lotuta dagoenez zuhaitzei eta arbolei, egurrari eta zurari, ikaragarrizko jakintza dagoela hemen. Eta hori dena ez dago bilduta, sakabanatuta dago. Dagoena liburu zaharretan dago, edota liburu modernoxeagoetan. Baina oso sakabanatuta zegoen orain arte, eta ez dakit ondo nola esan, urardotuta bezala zegoen, garrantziarik eman gabe. Guk etxetik jaso dugu hau dena. Aitona basoa botatzen ibiltzen zen eta zerraria zen. Bi domeinu horiek zituen. Bat zen mendia – guk basoa ez dugu inoiz esan; guretzat mendia da–. Eta bestea,arbolak –zuhaitza ere hitz modernoa da guretzako, guretzako beti izan dira arbolak eta egurra–. Nire obsesioa zen hau dena jendeak eskura eduki behar zuela nolabait.

Gure lurraldeko paisaia hobeto ezagutzea, hori ere izango zen abiapuntuetako bat, ezta?
Zer gertatzen da? Edozeini galdetzen badiogu “Ezkia zer? Zer da ezkia? Ba Irlandan da abuztuko arbola. Zeltarrentzat da ez dakit ze jaungoikoaren ikur. Eta greziarrentzat...”. Aizu, eta euskaldunontzat? Ezkia zer da edo izan da? Zertan erabili dugu euskaldunok? Hortik abiatzen da liburu hau. Euskaldunontzat zuhaitzak eta arbolak zer diren, zein diren azaldu eta agerian utzi ze unibertso erraldoia dagoen zuhaitzen eta arbolen inguruan. Hortik dator ikuspegi entziklopedikoarena. Batetik, jakintza orokorra batu dugu. Arbolak zer diren, basoek nola funtzionatzen duten... Eta bestetik, erabilerak. Erabilerarena da atal garrantzitsuena. Denerako erabili delako. Orain dela belaunaldi bat arte, gure lehengai inportanteena egurra izan zen. Orain plastikoa da, baina lehen egurra zen. Hainbesterainoko erabilerak izan dituenez, liburu hau hurbilketa bat baino ez da. Eta horri lotuta, oso garrantzitsua da nabarmentzea gure kulturak zenbaterainoko lotura duen arbolekin eta zuhaitzekin. Ehundaka esaera daude arbolei eta zuhaitzei lotuta eta ehundaka bertso, olerki, abesti, esaera zahar...

Eta hiztegia. Liburuan jaso duzuena ez da txikia.
Nire obsesioetako bat izan zen. Glosario bat egin nahi genuen hasieran...

Zure liburu guztietan dago hiztegia osatzeko ahalegina.
Galtzen ari den gauza bat baita. Nik horregatik pasa ditut horrenbeste urte honekin. Nire liburutegian, edozein liburutan dago ertz batean hitzen bat apuntatuta. Glosario bat izan behar zuena (liburuan agertzen diren 300 hitzekin osatutakoa), hiztegi batean bihurtu da. 5.000 hitzetik gorako hiztegi bat atera da. Baina ez da hiztegi itxi bat. Ikusiko dugu etorkizunean zer egingo dugun horrekin. Eta azkenik bibliografia, etorkizunari begira ere oso inportantea izango dena. 500 erreferentzia batu ditugu. Euskal Herriko zuhaitzak eta arbolak ulertzeko 500 liburu badaude. Era horretan erakusten ari gara bide bat badagoela hor, gehiago ikertu nahi duenarentzako.

Hiztegian 5.000 hitzez osatutako ondarea jaso duzue. Horrek adierazten du zuhaitzek eta arbolek zer nolako itzala izan duten gure komunitatean.
Dena bide beretik joaten da. Etorkizunean, nire helburua litzateke hiztegi hori Interneten jartzea eta jendeak osatzen jarraitu ahal izatea. Antzeko gauza bat egin dugu basoekin. Mapa bat jarri dugu Euskal Herriko 235 baso edo zuhaitz apartekin. Klaro, guri iruditu zaizkigunak dira 235 horiek. Arakatzen hasten bagara, 1.000 arbola aparta ere badaude.

Jendea bere proposamenekin hurbilduko zaizue.
Gure asmoa da bide hori zabalik uztea. Liburu honek entziklopedia baten ikuspegia du: oinarrizko informazioa jaso dugu, eta horrekin irakurleak nahi duena egin dezake. Proposamenak egin, artikuluak edo beste liburu batzuk abiatu, mapa interaktibo bat osatu... Nahi den guztia. Espeziei dagokionez, 106 jaso ditugu liburuan. Sakontzen hasten bagara, lorategietan-eta, beste hainbeste atera litezke. Baina horiek ez leudeke hain lotuta gure kulturarekin.

Liburua aholkuz beteta dator. ‘Zuhaitzekin lanean’ atalean esate baterako, gaztainondoaren txertaketa nola egin azaltzen duzu.
Eta zaintzak, eta inausketak, eta landaketak... Lehen esaten nuena, liburua bideak irekitzeko era bat da. Liburuak egin daitezke ‘nik dakitena’ azaltzeko. Eta horietakoak asko ditugu. Ez ditugu horrelako gehiago behar. Botanikoak direnak ere asko ditugu. Badirudi mendira joan behar duzula liburuarekin, eta ari zaizkizu esaten “zuhaitz honek hosto bipinatuak ditu”, eta hori irakurri eta blokeatu egiten zara. Beraz, ez du ezertarako balio. Liburu horiek botanikoak direnentzat dira bakarrik egokiak. Eta liburu hau berriz, jende guztiarentzat da, baita botanikoentzat ere. Hasteko, izenak ikasteko.

Hiru lagunen artean osatu duzue liburua. Nolakoa izan da idazketa prozesua?
Bakoitzak gure alorra daukagu, ‘gure mendia’, esango genuke. Nirea paisaia kulturala da, eta horri lotutakoa. Markel Arriolabengoa mendi ingeniaria da eta mendiko lanak eta deskribapenak idatzi ditu. Iñaki Etxebeste biologoa da, eta zuhaitzetan eta zuhaitzen gaitzetan espezializatuta dago. Gutako bakoitzak bere alorra du. Baina nik beti esaten dudan bezala, guk dena ez dakigu. 15 pertsona jakintsuri eskatu diegu artikulu bana idatzi dezaten. Eta horrek kristoren indarra eman dio liburuari. Eta bada gauzak adierazteko era bat: guk ez dakigu dena.

Liburu hasiera bereziki oso korala da. Eta ahots bakoitzak dauka bere kolorea, bere jakintza.
Eta bakoitzak dauka bere amona. Eta hori oso interesgarria da. Adibidez, askotan galdetzen digute: ze diferentzia dago zuhaitzaren eta arbolaren artean? Espezialista batek esplikatzen du aldea. Nik badut nire esplikazioa. Eta horregatik hasieratik zehaztu genuen titulua. Ez genuen ‘Euskal Herriko zuhaitzak eta arbolak’ izenburua jarri nahi. Aukeran nahiago dugu ‘Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian’. Ez daukagu sentsazio hori, arbolak hemengoak direnik. Hemengoa? Zein da hemengoa? Hemengoa ez da inor. Gu ere ez. Ba arbolekin, berdin-berdin. Orain hemen daude, baina hemendik milioi urte barru, Ozeanian daude igual. Beste espezialista batek mendia, basoa eta oihanaren arteko diferentziaz idatzi du. Sagrario Aleman euskaltzainak esate baterako, egurra eta zuraren arteko aldea azaldu du beste idatzi batean.