Pentsiodunen mobilizazioa, nazioarteko topaketa baten atarian

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 16a

Mobilizaziorako deialdi gehiago iragarri ditu pentsiodunen mugimenduak. Gipuzkoakoak gaurko, ekainaren 16rako, Donostiako Kursaalaren parean, 8:30-11:15 artean.

Izan ere, bertan, "Hiri eta Komunitate Lagunkorien Hirugarren Mundu Biltzarra" egingo dute gaur hasi eta ostegunera arte, ekainaren 18ra arte. Bilkura horren atarian mobilizatzea erabaki du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, "lau haizeetara zabaltzeko ez dagoela hiri adiskidetsurik pentsio kaskarrekin eta zaintza publiko eta kalitatezkorik gabe". Antolatzaileen esanetan, "ehunka lagunek ekimenarekin bat egitea espero da".

Aipatu herri mugimendutik azaldu bezalaxe,  "gero eta luzaroago bizi den gizarteak dakartzan erronkei eta aukerei buruz hausnartzea du helburu", Imsersok, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak antolaturiko eta "Osasunaren Mundu Erakundearen babesa" duen nazioarteko topaketa horrek.

Mobilizazio nazionalera begira
Zaintzen gaiari lotutako aipatu pentsiodunen mugimendutik berriki eginiko beste jardunaldi bat ekarri dute gogora ohar bidez, maiatzaren 10ean Bilbon eginikoa hain zuzen. "Pentsiodun talde batek parte hartu zuen mugimendu feministako emakumeekin, sindikatuetako emakume eta gizonekin, etxeko eta zaintzako langileekin, egoitzetako pertsonen senideekin eta baita gazte askorekin ere. Guztiok konpromisoa hartu genuen gaur egungo zaintza-sistema eraldatzeko lanean jarraitzeko".

Hiru eremuetan multzokaturiko konpromiso sorta aurkeztearekin batera, "sistema publiko eta komunitario baterantz aurrera egiteko borrokan" mugarri berritzat jotako mobilizazio nazionala iragarri zuten, 2027ko apirilaren 17ean Bilbon egingo dena. Ordura arte, "hainbat inflexio-puntu finkatu ziren hartutako konpromisoen inguruan".

Horien artean, "zaintza sistema publikoaren defentsa: pribatizazio gehiagorik ez eta gaur egun pribatizatuta dauden zerbitzuen publifikazioan aurrera egitea, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua kasu. Zaintzekin egiten ari den negozioa salatzeko, arreta jarriko da euskal erakundeek, bereziki zaintzen gaian, Foru Aldundiek enpresa pribatuen esku uzten duten diru publiko guztian".

Bigarren konpromisoa, "azal zuriko pertsonok" ditugun pribilegio horien aurka egitea izango da. "Sistema hau, kapitalista eta patriarkala izateaz gain, koloniala da, eta migratutako pertsonak esplotazio-egoeran mantentzen ditu, eskubiderik gabe, atzerritartasun edo erroldarako sarbide eza bezalako legeen ondorioz, baina baita harreman sozial batzuen ondorioz ere, non azal zuriko pertsonok hainbat pribilegio ditugun".

Hirugarren konpromisoa, gizonen pribilegioen aurkako borrokari lotutakoa da. "Bada garaia, gizonok gure gain har dezagun ardura zaintza lanetan, zaintza ezin da soilik emakumeen zeregina izan, denok hartu behar dugu ardura hori".

2027ko apirileko mobilizazioaz gain, aldez aurretik, martxoaren 30a, Etxeko eta Zaintzako Langileen Nazioarteko Eguna, "egungo zaintza sistema eraldatu nahi dugunon agendan sartuko da", iragarri dute, "langile horiek, gehienak emakume migratu eta arrazializatuak izanik, beren lan eta gizarte eskubideak aitortuak ikusi behar dituztelako".