Dirulaguntza gehienen oinarriak otsailaren 12an kaleratu zituen Usurbilgo Udalak. Lerro gehienetarako eskabideak aurkezteko hilabeteko epealdia izan zen. Ez denetarako, ordea; izan ere, oraindik orain zenbait deialdietan parte hartzeko epealdiak zabalik segitzen du.
Horiez gain, beste bi dirulaguntza deialdiren oinarriak plazaratu ditu Udalak asteazken honetako, ekainaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Amaitzear dugun 2025-26 ikasturte honetan zehar, euskara ikasten aritu nahiz aisialdiko begirale edo zuzendari gisa jarduteko tituluak eskuratzeko hezten aritutakoei zuzenduriko deialdiez ari gara.
Eskabideak aurkezteko bi asteko epealdia izango dute interesdunek, ekainaren 23tik aurrera. Gogoan izan, Usurbilen euskara doan ikasi daiteke. Hala, ezarritako baldintzak betetzen dituztenei matrikula kostuaren %100a itzuliko die Udalak. Aisialdiko dirulaguntza deialdiaren kasuan, matrikula kostuaren erdia itzuliko zaie gehienez. Segidan dituzue xehetasunak:
2025-26 ikasturtean euskara ikasitakoei zuzenduriko dirulaguntza deialdia
Xedea: "Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2025-2026 ikasturtean helduentzako euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak egin dituzten usurbildarrei dirulaguntzak emateko".
Onuradunak izateko baldintzak:
-Usurbilen erroldaturiko 16 urtetik gorako euskara-ikaslea izatea.
-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, %80ko asistentzia izatea (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).
-Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea (euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa).
Diruz lagundu daitezkeen ikastaroak:
-Habek homologatutako ikastaroak (2005eko uztailaren 27ko ebazpena, 2013ko irailaren 12koa eta 2025eko urriaren 20koa): modulazio ezberdinetako ikastaroak, autoikaskuntza, EGA, alfabetatze-ikastaroak eta C2 mailakoak, xede berezietarako ikastaroak...
-Ikastaro ez-homologatuak: modulazio txikikoak, baina betiere ikasturtean zehar urrats bat gainditzen bada eta euskaltegia ere homologatua bada.
Dirulaguntzen zenbatekoa: herritar guztiek matrikula kostuaren %100 jasoko dute (gehienez ere 600 euro), aipaturiko baldintzak betez gero. Aipatutako ehunekoak gutxitu egin daitezke aurkeztutako eskaeraren arabera. Hau da, dirulaguntzetarako dagoen dirua baino handiagoa bada eskaera, proportzionaltasunaren irizpidea aplikatuko da.
Informazio gehiago: ekainaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
2025-26 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari tituluak lortzeko dirulaguntzen deialdia
Xedea: "Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2025-2026 ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa euskaraz egin duen usurbildar orori dirulaguntzak emateko".
Onuradunak izateko baldintzak:
-Usurbilen erroldaturiko 16 urtetik gorakoa izatea.
-Ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea.
-Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea. Araututako epearen barnean titulua lortu ezean, itzuli egin beharko zaio udalari jasotako dirulaguntza.
-Interesdunak titulua eskuratu izanaren agiria aurkeztu beharko du Udalean 2028ko uztailaren 31 baino lehen.
Diruz lagundu daitezkeen ikastaroak:
-2025eko uztailetik 2026ko ekaina bitartean egindakoak, Eusko Jaurlaritzak homologaturiko aisialdiko begirale ikastaroa edo aisialdiko zuzendari ikastaroa.
Dirulaguntzen zenbatekoa:
-Begirale ikastaroa: matrikularen %50 (gehienez ere 250 €).
-
-Aipatutako portzentaje hau gutxitu egin daiteke, aurkezten diren eskarien arabera.
Informazio gehiago: ekainaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Eskabideen aurkezpena: udal erregistroan edo telematikoki usurbil.eus atarian.
Eskabideak aurkezteko epealdia: ekainak 23-uztailak 7 (bi egunak barne).
Informazio gehiagorako: ekainaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.