Usurbilgo jaiak

Herriko festen aurkezpen ofiziala gaur

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 17a

Uztailaren 1etik 5era ospatuko diren Usurbilgo jaiak asteazken honetan, ekainaren 17an aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Jaiak ofizialki nork edo nortzuk hasiko dituzten, egitarauaren diseinu lehiaketaren irabazlea zein den, zer nolako ospakizunak izango ditugun... Usurbilgo jaietan murgiltzen hasteko eguna izango da asteazken honetakoa, ekainaren 17koa. Izan ere, azken urteotan errotzen doan ohitura berrituko du gaurkoan. Uztailaren 1etik 5era ospatuko ditugun herriko festak jendaurrean aurkeztuko ditu arratsaldeko 19:00etan hasita, Mikel Laboa plazan.

Hala, otsailaz geroztik hilabeteotan eginiko herriko jaien prestaketa prozesuaren nondik norakoak plazaratuko dituzte. Aurreko urteotan, trikiti doinuekin kalejiran heldu izan dira aurkezpen ekitaldira, Lauburu konpartsako erraldoiekin eta noski, auzolanean antolaturiko festa hauen prestaketa lanetan aritutako herri eragileetako ordezkariekin.

Aipatu moduan, gaur ezagutuko ditugu, uztaileko lehenengo bost egunetan izango ditugun festen nondik norako nagusiak. Adi, bestalde, deialdi gehiagotan parte hartzeko aukera ere zabalik dago eta. Argi denez, jaietarako atzerako kontaketa betean sartu gara.

Batetik, uztailaren 4an izango den zikiro-janerako erreserbak egiteko hitzordua finkatu dute. Ostiral honetan, hilaren 19an egingo da txartelen salmenta. Bestalde,uztailaren 3an ospatuko da Haurren Eguna. Urtero moduan, guraso talde bat ariko da auzolanean goizetik arratsaldera izango diren ekimenetan.

Hitzordu horien artean, 9:45ean udaletxe atariko plazan abiatuko den jaialdiko goiz partean, aurreko urteen antzera, LH1-4koek ginkanan parte hartu ahalko dute eta LH5-DBH2 artekoek erronkan. Ekimenotan aurrez eman beharko da izena, ekainaren 21a baino lehen. Herrian ikasten dutenek ikastetxeetan bertan bideratu ahalko dute izen-ematea. Baina badirenez hainbat gaztetxo Usurbilen bizi arren, herritik kanpo ikasten dutenak, bereziki haiei zuzenduriko izen-emate deialdia plazaratu dute gurasook.

Antolatzaileek egun horri begirako pare bat ohar plazaratu dituzte; batetik, “partehartzaile guztiek koadrodun zapia ekarri beharko dute, elkarrekin Haurren Eguneko abestia kantatu ondoren, jolasetan parte hartzeko”. Bestalde, ginkanako parte hartzaileek kolore hauetako kamiseta jantzita agertu beharko dute: LH1ekoek urdina, LH2koek berdea, LH3koek txuria eta LH4koek morea.

Bai ginkanan baita erronkan parte hartuko dutenei aldatzeko arropa ekartzea gomendatzen diete antolatzaileek.

Usurbilgo jaiei begirako datozen deialdiak
Ekainak 17, asteazkena
19:00
Jai batzordearen eskutik, aurtengo festen aurkezpen herrikoia Mikel Laboa plazan.

Ekainak 19, ostirala
19:30
Uztailaren 4ko zikiro-janerako txartelen salmenta Aitzaga elkartean. Prezioa: 30 euro (20 eurotan gazteek eta langabetuek).

Ekainaren 21era arte
Uztailaren 3ko Haurren Eguneko LH1-4koentzako ginkanan eta LH5-DBH2 artekoentzako erronkan izen-ematea: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com