Usurbil K.E.-ren bazkideen ohiko batzarra
Ekainaren 20rako deitu dute, goizeko 10:30etan Potxoenean. Gaiok hartuko dituzte ahotan:
1-Lehendakariaren agurra.
2-2025/2026 denboraldiaren kirol balantzearen aurkezpena, eta onarpena, egoki bada.
3-2026/2027 denboraldiaren kirol aurreikuspenen aurkezpena, eta onarpena, egoki bada.
4-Diru-kontuak. 2025/2026 denboraldiko balantzea eta 2026/2027 denboraldiko aurrekontuaren aurkezpena, eta onarpena, egoki bada.
5-Zuzendaritza Batzordearen proposamenak.
6-Bazkideen proposamenak.
7-Galdera-eskaerak.
Matrikulazio garaia
Eskubaloi taldeen bilgunean hurrengo 2026-27 denboraldian parte hartu nahi dutenentzako matrikulazio epealdia ireki duela jakinarazi du Usurbil Kirol Elkarteak. "Hurrengo denboraldian gurekin eskubaloian jokatu nahi?". Hala egin nahi dutenek, "datorren denboraldian gurekin jokatu nahi baduzu", honako galdetegia betetzeko gonbita egin dute: https://forms.gle/iH8jJRPoFCqEj3M27
Izena emateko azken eguna ekainaren 19rako finkatu dute. "Aurrerago, umeei bideratutako ate irekiak ere antolatuko ditugu jokalari berriek probatzeko aukera izan dezaten. Interesa baduzu, adi egon gure sare sozialei eta bertan emango dugu informazio guztia", jakinarazi dute Usurbil K.E.-tik. Argibide gehiago behar dituenak bideotatik jaso ditzake: usurbilkirolelkartea@gmail.com / 610 003 227. "Animatu eta zatoz eskubaloiaz gozatzera!", egin dute gonbita.
Julen Lejardi eskubaloi kanpusa
Ekimen hau ere antolatu du Usurbil K.E.-k. Aurtengo edizioa ekainaren 22tik 26ra izango dela iragarri du Usurbil Kirol Elkarteak, 09:00-12:30 artean. Lehen Hezkuntzako eta DBH 1-2 mailetakoei zuzendua egongo da. “Jarduera fisikoa eta eskubaloia modu ludiko eta dibertigarrian ezagutaraztea izango da” helburua. Antolatzaileen esanetan, “parte-hartzaileek kirol honen oinarriak landuko dituzte jolas, dinamika eta jarduera entretenigarrien bidez, giro atsegin eta hezitzaile batean”. Ekimenak iraungo duen egun horietan “gonbidatu bereziren bat” agertu daitekeela iragarri dute, gazteak poztu ditzakeena. Izen-ematea zabalik dute esteka honetan: https://forms.gle/gWvYsDbLQuSLLUhh9