Kutxa Fundazioak antolatutako jaialdiak hainbat diziplinatako erreferenteak bilduko ditu. Besteak beste, bertan izango dira Remedios Zafra, César Bona, Rocío Vidal, Aitor Arregi eta June Fernández, beste hainbat gonbidaturekin batera.
Jaialdiaren helburua ez da erantzunak ematea, galdera berriak sortzea baizik. Horregatik, pentsamendu kritikoa, adimen artifizialaren erronkak, hezkuntzaren etorkizuna, ezagutzaren dibulgazioa eta sormenaren garrantzia izango dira hizpide goizeko saio profesionalean. Donostiak egun batez jakin-minaren plaza handi bilakatu nahi du, aldaketa garai honetan mundua beste begi batzuekin behatzeko gonbita eginez.
Jakingura Jaialdiaren lehen bi geldialdiak dagoeneko egin dira Beasainen eta Bergaran. Ekainaren 5ean, Igartzako Monumentu Multzoan, jakinguraren eta eraldaketaren inguruko mahai-ingurua eta Eider Saezen kontzertua izan ziren; eta ekainaren 12an, Bergarako Laboratorium Museoan, jakin-minetik ezagutzara egindako bidaiaz hausnartu zuten hainbat sortzailek, Ana Galarraga, Oihana Arana eta Maddi Iñarra, besteak beste, parte-hartzaile zirela. Bi saioek eztabaida, hausnarketa eta kultur proposamenak uztartu zituzten, eta orain jaialdiaren hitzordu nagusiari emango diote lekukoa: ekainaren 19an Tabakaleran egingo den jardunaldiari.
Nazioarteko eta tokiko erreferenteak Tabakaleran
Goizeko programa 10:00etan hasiko da. Lehenik, Remedios Zafrak "Pensar en la era del ruido" hitzaldia eskainiko du, informazioz gainezka dagoen garai honetan pentsamendu kritikoak duen balioari buruz. Ondoren, César Bonak hezkuntzatik erakundeetara eraman daitezkeen ikaskuntza eta lankidetza dinamikak izango ditu hizpide. Biek elkarrizketa partekatua ere egingo dute, jakin-minak erakundeetan eta lan-taldeetan duen lekuari buruz hausnartzeko.
Jarraian, adimen artifizialaren eta pentsamendu kritikoaren inguruko mahai-ingurua egingo dute. Parte-hartzaileek galdera nagusi bati erantzuten saiatuko dira: zer gertatzen da jakin-minarekin erantzun guztiak klik batera ditugunean? Mahaiaren inguruan eseriko dira Aitor Arregi, Garbiñe Manterola, Niko Cuenca eta June Fernández.
Goizari amaiera emateko, Rocío Vidal dibulgatzaile ezagunak "El futuro será de las personas curiosas" hitzaldia eskainiko du. Sare sozialetan eta komunikabideetan egindako lanagatik ezaguna den sortzaileak jakin-minaren eta informazio kritikoaren arteko loturaz jardungo du.
Arratsaldean, familientzat eta gazteentzat
Arratsaldeko egitaraua publiko zabalari zuzenduta dago. Familientzako sormen-tailerrak, harrera bikaina izan du, eta plaza guztiak bete dira dagoeneko. Gazteentzako zuzeneko podcast saioan parte hartzeko aukera izango dute 18:30ean eta Dejabu konpainiaren performance berezia izango dira. Podcastean parte hartuko dute Jon Kareaga, Olatz Salvador eta Javi Rivero. Egunari amaiera emango dio Dejabu kolektiboaren "Paisaia entseguak. Experimento 01" proposamenak.
Ekainak 19, ostirala | Donostia
Lekua: Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa
Goizeko saioa: Profesionalei zuzenduta
Parte-hartzaileak: Remedios Zafra, César Bona, Aitor Arregi, Garbiñe Manterola, Nico Cuenca, June Fernandez, Kepa Errasti eta Rocío Vida. Izen-ematea: hemen.
Arratsaldeko saioa
-
17:00-18:00 |Familientzako tailerra: Jakingura esperimentatzen (Artaziak). PLAZA GUZTIAK BETETA.
-
18:30-19:30 | Zuzeneko podcasta Ainhoa Vitoria eta Aitziber Gradosen eskutik. Gonbidatuak: Jon Kareaga, Olatz Salvador eta Javi Rivero. Izen-ematea: hemen.
-
19:30-20:30 | Hausnarketa-performancea, Dejaburen eskutik. Izen-ematea: hemen.
Izen-ematea zabalik
Jarduera guztiak doakoak dira, baina aurrez izena ematea beharrezkoa da. Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte ostiral honetan Tabakalerara hurbiltzera, jakin-mina piztu, galderak partekatu eta ezagutza beste modu batera bizitzeko. Bereziki, gazteei eta publiko zabalari zuzendutako zuzeneko podcast saioan parte hartzera animatu dituzte, eguneko proposamen berezienetako bat izango baita.
Informazio osoa, egitaraua eta izen-ematea Jakingura Jaialdia
Programa osoa kontsultatzeko Programa deskargatu