Beroaldi betean agurtuko dugu udaberria eta emango diogu ongi etorria baita uda garaiari ere. Izan ere, 40 gradutik gertuko tenperatura izango dugu datozen egunotan. Ondorioz, bihartik, ekainaren 18tik aurrera abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Hasteko, abisu horia izango da indarrean baso sute arrisku handia tarteko, "tenperatura altuagatik eta hego-osagaiko haizearen intentsitateagatik".
Horrez gain, "muturreko tenperatura oso altuak" nahiz "tenperatura altu iraunkorra" tarteko ere abisu horian izango da Gipuzkoa barnealdea; tenperatura altu iraunkorragatik egun osoz eta "muturreko tenperatura oso altuengatik" 13:00-20:00 artean.
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 35 graduko tenperatura izan dezakegu ostegun arratsaldean edota 33 gradukoa ostiralean, hilaren 19an. Giro eguzkitsua izango dugula iragarri du Euskalmet-ek.
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.