Usurbilgo jaiak

Mende erdia betetako Zubieta Lanbide Eskolak eta Usurbil F.T.-k abiaraziko dituzte jaiak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 17a

Iaz bezala, aurten ere bi eragile, kasu honetan, 50 urte betetako Zubieta Lanbide Eskolak eta Usurbil F.T.-k abiaraziko dituzte aurtengo herriko festak.

 
 

Iaz, 40 urte betetako bi eragileek abiarazi zituzten Usurbilgo jaiak; Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak. Aurten beste biek emango diete hasiera; kasu honetan, mende erdia, 50 urteko ibilbide oparoa osatu duten Zubieta Lanbide Eskolak eta Usurbil F.T.-k.

Hala jakinarazi du jai batzordeak, asteazken honetan, ekainaren 17an Mikel Laboa plazan eginiko herriko festen aurkezpen ekitaldian. Honenbestez, 50. urtemugara heldutako Zubietako ikastetxeak eta Haraneko futbol taldeen bilguneak igoko dira uztailaren 1ean udaletxeko balkoira, arratsaldeko 19:00etan izango den jaien abiatze ekitaldiko txupinazoa jaurtitzera.

Hemezortzi hautagai
Jai batzordetik gogorarazi bezala, aurten ere deialdi irekia plazaratu dute, Usurbilgo jaiei hasiera nork edo nortzuk eman erabakitzeko. Gogoan izango duzuen moduan, telematikoki emailez proposamenak egiteko aukera izan zuten herritarrek baita udal instalakuntza hainbatetan jarritako kaxetan idatziz hautagaiak zehaztu eta hautaketaren zergatia azaltzekoa ere. Apirilaren 21etik maiatzaren 19ra izan zen hori.

Herriko festen antolakuntza taldean bildutako norbanako eta eragileek gaurko aurkezpen ekitaldian zehaztu dutenez, 63 bozka eta horien artean, hemezortzi proposamen jaso zituzten. Horiek bildu eta horien artean hautatu du jai batzordeak aurten ere bi izatea, bost eguneko ospakizun zikloari ekingo dioten eragileak; Zubieta Lanbide Eskola eta Usurbil F.T.

Bitan elkarrekin
"Aurten 50 urte betetzen dituzte biek. Biek herritar ugari biltzen dituzten eragileak dira. Lan piloa egin dute urte hauetan guztietan. Aitortza modura, urte hauetan egindako lanari omenalditxoa egiteko erabaki dugu haiek izatea txupinazoa bota behar dutenak", jakinarazi du Mikel Laboa plazako hitzorduan, Jon Mikel Azpiazu kultur arloko zinegotziak.

Bitan ikusiko ditugu elkarrekin Zubieta Lanbide Eskolako eta Usurbil F.T.-ko kideak. Aitortza bikoitza egingo zaiei biei. Batetik, aipatu moduan, uztailaren 1eko festen hasiera ekitaldian jasoko dute herriaren berotasuna. Baina horrez gain, urtero, biharamunean, uztailaren 2an, jaien egun nagusian, udal ordezkarien soka-dantza izaten da. Urtero, eragile bat edo gehiago gonbidatzen dituzte hitzordu horretan parte hartzera. Aurtengoan, txupinazoko bi omenduak izango dira soka-dantzara batuko direnak. "Beraz, omenaldiz beteak izango dituzte festak", jai batzordetik aurreratu dutenez.

Abiapuntura itzulera
Gogoan izan, 50. urtemuga ospakizun ziklo betean joan zaiela ikasturtea Zubieta Lanbide Eskolari eta kirol urtea Usurbil F.T.-ri. Aipatu ikastetxeak maiatzaren 30ean borobildu zuen herrian bertan eginiko jaialdi batekin. Hasi, aldiz iazko ekainean, mozio edo adierazpen bat aurkeztuta, hilaren 1ean txupinazoa jaurtiko duten udaletxean bertan. Hamaika ekimen bideratu dituzte ordutik.

Usurbil F.T.-k urtemuga ziklo hau borobildu berritan emango die hasiera herriko festei. Neguan zenbait txapelketa antolatu ostean, asteotan ospakizun giro betean dira futbol taldeen bilgunekoak. Hilaren 12tik zabalik da kirol eragile honen mende erdiko ibilbidea irudikatzen duten erakusketa Sutegin, hilaren 20rako beteranoen arteko neurketak iragarri dituzte Haranen eta hilaren 27an, egun osoko jaialdia.

Honenbestez, 50. urtemuga ospatzeko zikloa borobildu berritan helduko dira bi omenduak uztailaren 1ean udaletxeko balkoira.

Lotunea
Itxuraz batek baino gehiagok pentsa dezake, zerikusi gutxi izan dezaketela aurtengo omenduek elkarren artean. Aldiz, uste baino lotura estuagoa dute biek. Hasteko, bistan denez, Zubieta Lanbide Eskolak  nahiz Usurbil F.T.-k 50 urteko ibilbidea osatu dute, biek sortze urte bera baitute; 1976. urtea, pizkunde urte garrantzitsua Euskal Herrian askotariko alorretan, baita Usurbilen ere.

Jaietako bi omenduek sortze urte bera izateaz gain, sustatzaileen artean ere aurpegi berak zeuden. Izan ere, futbol taldeen bilgunea sortu eta abiarazten aritutakoak ere, Lanbide Eskola martxan jartzen lagundu zutenen artean zeuden baita.