Usurbilgo jaiak

Haira Rivero Arrietaren diseinu lanak aurkeztuko digu ospakizunen eskaintza

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 17a

Datozen Usurbilgo festetako egitarauaren mamia eta itxura ere aurkeztu du jai batzordeak, asteazken honetan eginiko aurkezpen herrikoian. Egitarau diseinu lehiaketako irabazlea nor den ezagutarazi eta bere sorkuntza lana plazaratu dute.

 

Usurbilgo jaiak prest dira mamiz, baita itxura aldetik ere. Izan ere, otsailean biltzen hasten da jai batzordea eta jaiegunak finkatzearekin batera hasten dira bilgune horretan batzen diren norbanakoak eta eragileak egitaraua lantzen. Bi lanketa bide jorratzen dituzte; batetik edukiari dagokiona. Jai batzordeak Potxoenean eginiko bileretan joaten dira adosten, zehazten zer ekintza, noiz, nola txertatu egitarauan.

Paraleloki, ordea, txupinazoa nork jaurti erabakitzeko herritarrei hitza ematen dien moduan, jai batzordeak lehiaketa ireki bidez hautatzen du Usurbilgo jaien berri ematen digun euskarri nagusiak, egitarauak izan beharreko itxura. Aurtengoan ere, Usurbilgo jaien hasiera ekitaldirako ekarpenak biltzeko finkatutako epealdi beraren baitan, hau da, apirilaren 21etik maiatzaren 19ra diseinu lanak aurkezteko gonbita egin zieten herritarrei. Tarte horretan, hiru sorkuntza lan aurkeztu direla jakinarazi du jai batzordeak, asteazken honetan, ekainaren 17an, Mikel Laboa plazan eginiko herriko jaien aurkezpen ekitaldian.

Eskuragarri
Proposamenak aztertu ondoren, bat hautatu behar zuen epaimahaiak. Uztailaren 1etik 5era izango ditugun hitzorduen berri ematearekin batera jakinarazi dute, nor izan den aurtengo egitarau diseinu lehiaketako irabazlea. Albiste honi atxikitako irudian duzue, Haira Rivero Arrieta izan da.

600 euroko saria jaso du herrikideak. Jai batzordeko kide Eider Goenagak azaldu du epaimahaiak zergatik hautatu duen Rivero Arrietaren sorkuntza lana. "Epaimahaiak aurreko urteetako egitaraua desberdina izatea hartu du kontuan, festa girokoa izatea, kolore biziak izatea eta mezu osagarriak argi adieraztea, besteak beste".

Jai egitarauak izango duen itxura ederraren aurrerapentxoa plazaratu du egileak berak jai batzordeko kideekin batera, jaien gaurko aurkezpen ekitaldian. Komunikazio euskarri horren bertsio handia erakutsi dute, kartel handiaren formatuan. 

Egitaraua laster jasoko duzue, ohi bezala, euskara hutsean. Jai batzordearen esanetan, ostegun honetatik, ekainaren 18tik aurrera banatuko da papereko edizioa. Egitarau elebiduna telematikoki  eskuratzeko aukera izango da Usurbilgo Udalaren usurbil.eus atarian nahiz usurbilkultura.eus plataforman eta paperean nahi izatekotan, Artzabalgo eta Santueneako zahar egoitzetan, Sutegi udal liburutegian, Potxoenean edota Oiardo kiroldegian.