Isilpean eginiko hilabeteotako lanketa aurkeztu eta plazaratu du jai batzordeak asteazken honetan, ekainaren 17an Mikel Laboa plazan eginiko aurkezpen herrikoiaren bidez. Bilgune horretan dagoen eragileetako bat duzue Xauxar txosna batzordea ere. Dagoeneko, uztailaren 1etik 5erako Mikel Laboa plazan kokatuko den eremurako antolaturiko ekimenen eskaintzaren berri eman dute. Segidan dituzue xehetasunak.
Etengabeko jai giroan murgiltzeko moduko askotariko ekimenen eskaintza egin dio Usurbilgo herriari, beste behin. Oilasko biltzaileekin eta gazte txupinazo eta antzerkiarekin hasiko dituzte festak. Bertsio Gaua eta kontzertu gau hainbat iragarri dituzte.
Jaietako Gazte Eguna uztailaren 3rako iragarri dute. Adi, ostiral horretako bazkarirako txartelak aurrez eskuratu beharko dira, ekainaren 25a baino lehen, Aitzaga edo Txirristra tabernetan.
"Buruz behera herria egin" aldarripean aurkeztu dituzte aurtengo festak. Hona hemen, Xauxar txosna batzordetik NOAUA!ra helarazitako adierazpena:
Xauxar txosna batzordearen adierazpena
Aurten ere xaguxarrak bezala buruz behera herria egiten jarraituko dugu gazteok, gaztetasunetik eta konpromisoz: Xaguxarra ez da geldirik egoteko jaioa.
Biraka dabil. Dantzan. Oreka bilatzen, baina aldi berean desorekatzen. Begirada aldatzen.
Lurra zeru bihurtzen eta zerua lur.
Gazteok ere antzeko ibiltzen gara; gure modura noski.
Izan ere, herria egin zein herri izateko gure modua aldarrikatu nahi dugu: bihurria, sortzailea, askatzailea eta kolektiboa. Xaguxarrak bezala, etengabeko mugimenduan dagoena; zailtasunei aurre eginez, moldatuz.
Garai bortitz hauetan, ez ditugulako kanpoko indarrek euren interesen arabera inposatu nahi dizkiguten egiak geure legetzat hartuko, ez eta alternatiben bilaketan amore emango. Galdera asko egon badaitezke ere, guk badakigulako bizitzeko, sentitzeko eta jokatzeko beste modu bat dagoela, eta hori jakitea da iparorratzik handiena. Bestelako erantzunak hortik ernalduko baitira.
Txosnak dira hain zuzen erresistentzia honen erakusle. Ezinbesteko espazioak elkartzeko, asmatzeko, konspiratzeko, sortzeko, partekatzeko eta nola ez, ausartzeko.
Funtsean, onartutakoa astintzeko, galdera berriak garatzeko eta modu berriak probatzeko.
Gaztetasunak baduelako berezko indar bat: imajinatzen ez dena irudikatzeko gaitasuna, posible dirudiena baino haratago begiratzekoa. Konformismoaren tranpan eroriz mundua dagoen bezala onartu beharrean, izan daitekeen horretan sinistu eta helmuga horren alde borrokatzekoa. Bidea egitekoa.
Horregatik, buruz behera herria egiten jarraituko dugu. Gaztetasunetik, ilusioz eta konpromisoz.
Entzun gazte: lehen geldiadi bat dugu, baina aurrera goaz. Bazatoz?



