Ondo begiratu albiste honi atxikitako irudiei. Asteazken honetan, ekainaren 17an, Usurbilgo jai batzordeak eginiko datozen festen herri aurkezpenekoak dituzue. Bertan bildu dira, jaien antolakuntza lanetan parte harturiko eragileak. Bakoitza antolaturiko ekimenaren ispilu izan daitekeen janzkerarekin edo osagarriekin plazaratu da. Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsakoek, esaterakoa, konpartsako ordezkaritza bat eraman dute agerraldira. Kamiseta gorriekin plazaratu dira, Haurren Eguneko ekimenak prestatzeaz arduraturikoak.
Azken txanpa aldera gerturatzen doan Usurbilgo Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira uztailaren 2an. Haren antolatzaileak Pagazpeko kamisetekin agertu dira gaurko aurkezpen ekitaldira edota kamiseta gorri eta urdinekin, bestalde, herri kiroletan lehiatuko diren herrikideak. Gazteen mugimendukoak ere bertan izan dira, baita Gure Pakea elkartekoak ere edota zikiro jana antolatzeaz arduratuko direnak. Bakoitzak antolaturiko ekimenaren adierazle diren osagarri edo janzkerarekin kaleratu da hitzordura. Denek, ordea, bi elementu amankomun zituzten; batetik, lepokoa, koadrodun zapi ezaguna, eta bestalde, agerraldiaren amaieran erakutsi duten edalontzi berrerabilgarria, nork bere etxetik ekarria.
Horretara gonbidatu gaituzte gainerakoak. "Primerako festak ditugu ate joka eta herritar guztiok gonbidatu nahi ditugu koadrodun zapia jantzi eta festetan parte hartu eta ondo pasatzera", egin dute deia jai batzordetik. Horrez gain, honako oharra ere plazaratu nahi izan dute; "aurtengo festetan ez ahaztu norberak etxetik edalontzia ekartzea".