Usurbilgo jaiak

Informazio postua eta gune segurua jaietan, indarkeria matxistari aurre egiteko

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 17a

Indarkeria matxistari aurre egiteko informazio postua eta babes gunea egokitu ditu jai batzordeak mugimendu feministarekin batera, uztailaren 1etik 5era ospatuko diren herriko festetan.

"Indarkeria matxista jasandako emakumeei eta LGTBIQA+ pertsonei behar duten arreta eta babesa ematea" helburu duen jai nahiz aisialdi guneetako eraso matxisten aurreko jarduketa protokoloa landu zuten 2019an. Iaz eguneratu eta indartu zuten elkarlanean Udalak, mugimendu feministak, gazte mugimenduak, herri nahiz auzoetako jai batzordeek, Sortzen aholkularitza zerbitzuarekin batera. Aurtengorako, esparru horren baitan, protokolo horren ezagutzan sakontzeko formazio saioa egin duten, jaietan zein aisialdian herri honetan eragiten dihardutenekin.

Datozen jaioi begira, "azken urteetan bezala, lanean ibili gara indarkeria sexistarik gabeko festak antolatzeko. Herriko mugimendu feministarekin lankidetzan, protokoloari buelta bat eman diogu eta Udaletik Emagin elkartea kontratatu da hainbat lanetarako". Horri buruzko zehaztasunak eskaini ditu jai batzordeak, asteazken honetan, ekainaren 17an, Mikel Laboa plazan eginiko herriko festen aurkezpen ofizialean.

Emagin elkartearen eskutik, bi baliabide eskainiko dituzte. Batetik, indarkeria matxistaren aurkako informazio gunea jarriko dute Mikel Laboa plazan uztailaren 3an eta 4an, 21:00-00:00 artean eta egun horietan arreta puntua egokituko dute Gaztelekuan, 00:00-06:00 artean. Azken hau, iaz ere izan zuten martxan herri eta auzoetako festetan. Leku seguruak dira, erasoen biktima dena lasai senti ahal izateko, "jai edo aisialdi guneetatik aparte, eta aldi berean eskura dauden lekuak". Guneotara sartzeko “giltza atean egongo da, kutxa batean barruan, eta kutxa irekitzeko kodea txosnetan eskatu ahal izango da: biktimak artatzeko ezarritako lekuak izanik, arduraz erabiltzera deitu dituzte herritarrak".